euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Oroimeneko Ikonoak": Miguel Marina erbesteko margolariaren erakusketa inauguratuko dute bihar Bilbon

2015/10/20

Miguel Marina margolaria
Miguel Marina margolaria

PUBLIZITATEA

"40 urte baino gehiago egin ditut hanka bakoitza ozeanoaren alde batean nuela, baina nire oroimena beti itzultzen da Euskal Herriko mendi berdeetara, eta abestietara...", idatzi zuen Miguel Marinak bere azken urteetan. 1936ko gerraren ostean Frantzian, Venezuela, Dominikar Errepublikan eta AEBetan erbesteratua, deserriratuen esperientzia eta samina nabari dira Marinaren artean. Bihar bere lanari eskainitako erakusketa inauguratuko da Bilbon.

Bilbao, Bizkaia. Miguel Marina margolariari buruzko erakusketa inauguratuko du bihar Bizkaia Jaurreriko Abokatuen Bazkunak, Eusko Jaurlaritza, BBK Fundazioa eta Washingtoneko Unibertsitatearen lankidetzarekin. Inaugurazioaren aurretik, Marinaren bizitza eta lanari buruzko mahai-ingurua egingo da.

Mahai-inguruaren moderatzaile izango da Asier Vallejo, Kanpoan diren Euskal Gizataldeentzako zuzendaria. Partehartzaileak honakoak izango dira: Noemí de Haro (Universidad Autónoma de Madrid), Constance Marina, margolariaren alaba, eta Anthony L. Geist (University of Washington).

Nazio Batuetan margolari

Miguel Marina Barredo Bilbon jaio zen 1915an. Gerra zibila hasi zenean Errepublikar ejerzitoko kapitain izendatu zuten. Euskal Herrian egin zuen borroka, eta Bilbo galdu zenean Bartzelonara joan zen. Handik, guda amaitu zenean, Frantziara egin zuen ihes, eta gero Venezuelan, Dominikar Errepublikan eta AEBetan erbesteratu zen. New Yorken Madeline Cooper-ekin ezkondu eta bere alaba Constance jaio zen.

New Yorken Julio de Diego margolari erbesteratuarekin lanean hasi zen eta José Vela Zanettiren laguntzaile izan zen harek Nazio Batuetan egin zuen mural erraldoian. Gero Ekuadorren izan zen, Mexikon gartzelaratu zuten eta Bilbon ere izan zen. 1959an Kalifornian lekutu zen eta aurrenekoz, margolaritza izan zen bere lan nagusia. 

Euskal Herriko paisaiak

Marina margolari autodidakta izan zen, estilo oso bereziarekin. Oholen gainean margotzen zuen, gehienbat. Bere ibilbidean hiru etapa badaude ere, denetan daude ezaugarri amankomunak: oinarrizko koloreen erabilera; giza irudi luzeak, bereziki esku eta aurpegietan Bizantioko edo erromanikoko irudien antzera; gai erlijiosoak; Euskal Herriko paisaiak (gero eta gehiago) eta lirismo eta emozio handia.

Marinak hainbat erakusketa egin zituen Santa Barbarako Esther Bear Gallery-n (Kalifornian), baina galerista 1977an jubilatu zenez geroztik ez zuen gehiagorik erakutsi. Halarik ere, garai honetan eta bere heriotzera arte (1989an) egin zuen bere lanik pertsonalena, batez ere bere oroimenean zeuden Euskal Herriko mendiak irudikatuz.

Bere lanak ikusteko, jo miguelmarinaart.com webgunera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia