euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Viticus talde argentinarrarekin ospatuko du bere 20. urteurrena

2009/08/13

Vitico Bereciartua Argentinako Paraná hiriko Ibai Guren Euskal Etxera eginiko bisitan, orduan EEko lehendakaria zen Daniel Anzolarekin (argazkia EuskalKultura.com artxiboa)
Vitico Bereciartua Argentinako Paraná hiriko Ibai Guren Euskal Etxera eginiko bisitan, orduan EEko lehendakaria zen Daniel Anzolarekin (argazkia EuskalKultura.com artxiboa)

PUBLIZITATEA

Argentinako rock-aren historian berezko lekua daukan Viticus taldearen kontzertu batekin ospatuko du datorren irailaren 5ean Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoak, sortu zeneko 20. urteurrena. Ez da halako zerbait egunero gertatzen Ormaiztegin, eta bitxiagoa da talde argentinarraren presentzia Ormaiztegira ekarri duen lotura, izan ere Viticus taldea osatzen duten musikarietako hiru Museoaren izena daraman Zumalakarregi generalaren ondorengo edo ahaide baitira, eta atxikiak gainera euren erroei. Arbasoei buruzko informazio bila ari zirenean sortutako harremanaren emaitza da kontzertua eta emanaldia eta gero, euren 2009 tour-ari jarraituko diote Viticus-koek.

Ormaiztegi, Gipuzkoa. Viticus argentinar rock talde famatua Ormaiztegin egoitza duen Zumalakarregi Museoak bere lehenengo 20 urteak ospatzeko antolatu dituen ekitaldietan protagonista izango da, izan ere kointzidentzia baita baina taldeko hiru kide Tomas Zumalakarregi general karlistaren ondorengo edo ahaide dira eta bat egin nahi izan dute partaidetza honekin museoak bere 20. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauarekin. Ekimena, taldeko kideetako bat bere arbasoei buruz ikertzen ari zela Museoarekin --'Euskal Herriko XIX. mendea ezagutu eta baliatzeko erreferentzia zentru'tzat agertzen du Museoak bere burua-- harremanetan hasitakoan sortutako adiskidantzari zor zaio.

Ormaiztegiko Udala ere partaide duen lankidetzan antolatua da kontzertua eta herriko pilotalekuan gauzatuko da irailaren 5ean. Musutruke izango da eta zahar zein gazteen partaidetza espero da. Antolatzaileak hasiak dira dagoeneko azpiegitura alorra lantzen, kontzertua baitaratuko duen inguruari behar bezalako sarbideak, aparkalekuak eta baliabideak bideratzeko. Ormaiztegiko emanaldiaren ondotik, Viticus-ek bere 2009 tour-arekin segituko du.

Viticus rock taldea

'Riff' izan zen rock gogorra Argentinan atxiki zuen taldea diktaduratik mende aldaketaraino. Kontzertua dela-eta Museoak plazaratu duen ohar batean azaltzen denez, geroztik sortu ziren hamaika talderen erreferentziagune eta etsenplu. Hura desegin zenean, Pappo-k eta Vitico-k (gitarra bata, baxua bestea) bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Victor 'Vitico' Bereciartuak, Zumalakarregi generalaren ondorengoa bera, talde berri bat sortuz segitu zuen, bertara jende gazteagoa eta bere familiakoa bilduz. Bere seme Nicolas eta iloba Sebastian gitarrajole dira, eta familiatik datorkie musikarekiko zaletasuna. Bateria gisa 'Vasco' Martin Urionagüena hartu zuten, eta 'betiko rocka' egiten duen taldea sortu zuten, 'guzituen gogokoa den hori, eta galtzea inork nahi ez duena'.

Vitico Bereciartua

Taldeak berealdiko soinu aparta lortu eta energia horren uhinari segituz Argentinan etorkizun onenetakoa marrazten zuen gitarrajole bat eurenganatzea erabaki zuten taldekideek, Ariel Rodriguez, kantaria aldi berean. Bostekoa bihurtu ziren, beraz, hiru gitarra, hiru kantari eta lau konpositore.

Taldearen abiada Argentinan, 2005ean banda rebelazio izendatuak izan ondoren, itzela izan da. Gaur egun bertako bandarik errespetatuenen artean daude rockaren izpiritua kontserbatu dutelako, hego aireez eta doinu propioez, hori guztia ikuskizun ederra eskainiz antologiako hiru gitarrajole oholtza gainean, erritmo oinarri izugarria lagun, guztia rockaren historian dagoeneko izena zizelkatua duen pertsonaia zuzendari: Vitico Bereciartua.

Taldeak gaur egun dituen kideak:

-Víctor "Vitico" Bereciartua. Baxua eta ahotsa
-Nicolas Bereciartua. Gitarra
-Ariel Rodríguez. Gitarra eta ahotsa
-Sebastian Bereciartua. Gitarra
-Pancho Isola. Bateria

Lotura interesgarriak

Zumalakarregi Museoa
http://zm.gipuzkoakultura.net

Viticus
www.viticus.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia