euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Orion bizi den Dani Scott argentinarra kopla, 'payada', poesia eta rapen biltzaile 'Herriaren bihotza' bere azken liburuan

2024/12/26

Atera berri du Dani Scott idazle eta musikariak 'Herriaren bihotza' liburua
Atera berri du Dani Scott idazle eta musikariak 'Herriaren bihotza' liburua

PUBLIZITATEA

Orio, Gipuzkoa. Plazaratu berri berria du Argentinan jaiotako Dani Scott idazle eta musikari euskaldunak bere hamabigarren liburua. Bere aurreko liburuek bezala, ‘Herriaren bihotza’ izenburua daraman honek euskarazko testuak biltzen ditu gehien, duela urte batzuk euskara bihurtu baita berarentzat bizitzeko eta barruan daramana kanporatzeko hizkuntza eta tresna.

Dani Scott Argentinakoa da, Buenos Aires hiriburuan jaioa, baina duela hamalau urte erabaki zuen Euskal Herrira pasatzea bizitzera. Erabakia ez zen bat-batekoa izan. Dani izana zen lehenago Euskal Herrian. Bere lehendabiziko bidaian, oporretan, Andoaingo lagun batek gonbidaturik, maitemindu egin zen Euskal Herriko kulturarekin, paisaiekin, eta batez ere, hizkuntzarekin, eta esperientzia horrek animatuta eman zueb urrats berri handia.

"Ni oso fededuna naiz, eta hori bertsoetan islatzen dut". "Fedea, gai bezala, ez da agertzen gaur bertsolaritzan…"  "Agian horri buruz idaztea izan daiteke nire ekarpena euskal kulturari”

“Lehenengo bidaia hura egin eta gero Argentinara bueltatu nintzen, karrera bukatzera –Zientzia Politikoak ikasi nituen–, eta ondoren itzuli nintzen Euskal Herrira, ordurako dagoeneko geratzeko asmoarekin. Hasieran Tolosan bizi izan ginen, gero Usurbilen eta orain Orion. Baina honen guztiaren oinarri izan ziren euskara lehenengo eskolak, ordea, Buenos Airesen hartu nituen, bertako Euskalzaleak Euskaltegian”.

Euskalduntze prozesua

Behin Euskal Herrira etorrita 9 hilabeteko egonaldia egin zuen argentinarrak Maizpide barnetegian euskararen ezagutzan sakontzeko. “Euskara oso ezberdina da gaztelaniaren aldean, gaztelaniazko gramatikarekin alderatzen badugu, adibidez. Baina nik gramatika baino gehiago aurkitu dut euskaran, mundua ikusteko modu bat. Eta hortik idazten dut”.

Euskaltegian ikasteaz gain bertso eskolatik ere pasatu da Dani Scott eta bertan lortu zituen tresnak eta estrategiak bertso koplak eta olerkiak idazteko. Hamabi liburu ditu dagoeneko kalean orain, horietako sei elebidunak, euskaraz eta gaztelaniaz.


Danik euskaraz sortutako bertso bat, '7. kalea' izenekoa

“Euskarak eta euskal kulturak asko eman didate. Eta paradoxikoa izan badaiteke ere, hemen egonda gehiago ikasi dut Argentinako kulturari buruz. Eta agian nik ere eman diezaioket zerbait euskal kulturari. Ni oso fededuna naiz, kristaua, eta hori nire bertsoetan islatzen dut, bihotzean daramadana delako. Momentu honetan fedea, gai bezala, ez da agertzen bertsolaritzan… Beraz esango nuke horri buruz euskaraz idaztea izan daitekeela nire ekarpena euskal kulturari”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i.

Danik herriz herri eta dendaz denda saltzen ditu bere liburuak. Baina sare sozialetan ere badu leku berezi bat bere lanak publikoarengana helarazteko. Instagramen eta Youtube kontuan, bere poesia eta rapak ez ezik, euskaraz ikastearen bere prozesuaz ere hausnartzen du argentinar euskaldunak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia