euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oreka TX txalapartariek "Nomadak TX" ikuskizuna Buenos Airesen erakutsiko dute, lehen aldiz, abenduaren 14an

2014/11/21

Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak eta Mixel Ducau musikaria, emanaldi batean (argazkia www.txalapart.com)
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak eta Mixel Ducau musikaria, emanaldi batean (argazkia www.txalapart.com)

PUBLIZITATEA

Asteburuan Indian dira, Delhiko musika jaialdi batean parte hartzen eta handik Argentinarako bidea egingo dute Oreka TX taldeko txalapartariek. Abenduaren 14an emanaldia egingo dute Buenos Airesen eta han lehen aldiz erakutsiko dute Argentinan "Nomadak TX" ikuskizuna. Kontzertuaren oinarrian, txalapartariek munduan zehar egin zuten dokumentala, hainbat herrietako musikariei antzinako musika tresna honen magia erakusten. Silvia Iriondo kantaria izango dute lagun emanaldian eta, horren aurretik, Argentinatik ibiliko diren tartean, euskal etxeetan txalaparta lantegiak emateko prest agertu dira.

Donostia-San Sebastián. Oreka TX-eko Harkaitz Martinez de San Vicenterekin solastu gara, taldea India aldera abiatu baino lehen. Igande honetan, Delhiko World Percussion Festival jaialdian izango dira, "Nomadak TX" ikuskizunarekin. Gero, Argentinara joango dira, han ere Nomadak  aurkezteko. "Argentinan aurreneko aldiz erakutsiko dugu ikuskizun hau; deigarria da, dagoeneko leku askotara eraman dugulako, baina ez hara", esan digu Harkaitzek. 

Egia da, bai, "Nomadak" urte asko daramatzala errepidean. 2006an estrenatu zen "Nomadak TX" izeneko dokumentala, eta bertan Oreka TX-ekoak munduko hainbat herrialdeetara bidaiatzen ziren, hango musikariei antzinako euskal musika tresna hau erakusteko. Musika eta road movie-ak uztartuz, dokumentalak 15 sari jaso zituen nazioarteko zinemaldietan, eta taldeak makina bat kontzertu eman ditu harrezkero pelikula hartan oinarrituta. Tarte honetan, taldea bera aldatu egin da: Igor Otxoaren ordez Mikel Ugartek osatzen du txalapartari bikotea, eta Mixel Ducau musikariak laguntzen du taldea emanaldietan.

Hiruak izango dira Buenos Aireseko kontzertuan, abenduaren 14an, eta beste euskaldun bat ere egongo da taulagainean, saioari hasiera emateko: Silvia Iriondo kantari euskal-argentinarra. "Maiatzean Bilbon 'Herritmo' ikuskizuneko emanaldi batean ezagutu genuen. Bere musika gustatu egin zitzaigun eta emanaldi honetara gonbidatu egin dugu", agertu du Harkaitzek.  

Buenos Airesen txalaparta lantegi bat ere emango du taldeak, Siete Octavos perkusio eskolan. "Txalaparta zer den azalduko diegu, nola jotzen den, erritmoaren banaketa erakutsi...", azaltzen du musikariak.

Horren aurretik taldea Argentinan ibiliko da, bertako lagunak --Diasporako kideak, han bizi diren euskaldunak-- bisitatzen. Tarte horretan euskal etxeetan txalaparta erakutsi eta lantegiren bat emateko prest agertu dira, Argentinako euskal musikariak ezagutzeko gogotsu, EuskalKultura.com-i agertu diotenez.

Taldearekin harremenetan jarri nahi izanez gero, bidali e-maila hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia