Donostia-San Sebastian. Zinegile donostiarraren azken filmak, Oreina, urriaren 1tik 8ra egingo den nazioarteako Black Canvas zinemaldian izango du estreinaldia Mexikon. Estreinaldi horrekin batera, zine garaikideari eskainitako jaialdi honek "Koldo Almandozen lanari fokua" eskainiko dio sail berezi batean. Bere bi film luzeak, Oreina 2018, Sîpo Phantasma 2016 eta bere film laburren aukeraketa bat proiektatuko dituzte. Horrez gain, masterclass bat emango du Almandozek bertan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Duela urtebete Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Irizar saria jaso zuen Oreina filmak nazioarteko 26 zinemalditan hartu du parte orduz geroztik. Horretaz gain Oreinaren emanaldi eta proiekzioak ugari izan dira mundu osoan zehar. Filma Mexikora heldu da orain, eta datozen asteotan Marseilla, Rabat eta Berlinera bidaiatuko du.