euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oregoneko Ulacia ahizpak: 50 urte AEBetako Oesteko bideetan barna eta oraindik ibili-ibilian

2008/09/23

Maria (Ulacia) Onaindia eta Juana (Ulacia) Malaxa ahizpak 'Grand Marshal' edo buru izan ziren irailaren 6an Oregon-eko Hells Canyon-eko kabalkada edo desfilean (argazkia The Oregonian)
Maria (Ulacia) Onaindia eta Juana (Ulacia) Malaxa ahizpak 'Grand Marshal' edo buru izan ziren irailaren 6an Oregon-eko Hells Canyon-eko kabalkada edo desfilean (argazkia The Oregonian)

PUBLIZITATEA

Maria (Ulacia) Onaindia eta Juana (Ulacia) Malaxa 50.eko hamarkadan Euskal Herria utzi eta AEBetara artzain etorri zen euskal belaunaldi bateko azkenak dira, batez ere eurak bizi diren Oregon estatuan. Artzain euskaldunekin ezkondu eta bi ahizpek euren bizimodu gogorra sufritu --eta batzutan gozatu-- zuten: familia nomada bihurtzen ziren udan, artaldearen atzetik mendian gora. Adina ez dute aitortu nahi, baina sasoi oneko daude eta oraindik ere oinez ibiltzen dira beti, euren nortasunaren parte den eta kazetari ingelesari ere 'indarra' (sic) gisa aipatzen dioten barne akuiluak pizkortuta. Joan den irailaren 6ean, baina, gurdi gainean ibiltzea gustura onartu zuten, eurak omentzen zituen Hells Canyon-eko desfileko buru. The Oregonian egunkariak bi ahizpen lekukotasuna dakar, jarraian itzuli eta laburtu dugun artikulu honetan.

Enterprise, Oregon, AEB. Euskal artzainak luzaro izan dira AEBetako mendebaldeko paisaietako irudi tipikoetako bat, batez ere 50. eta 60. hamarkadetan. Orduan Euskal Herritik gazte asko etortzen ziren, mendian artzain lana egin eta etxean lortu ezin zuten dirua eskuratu nahian. Ulaciatar ahizpak, Maria eta Juanita, senarrekin batera heldu ziren Oregonera eta 50 urtetan artzainen bizimodu gogorra egin dute, baina beti bizitzari baikor so eginez.

Orain ez dituzte 50 kilometroko ibilaldiak egiten artaldea mendira eramateko, baina Oregoneko bideetan emandako urte luzeek oinez batetik bestera joateko ohitura utzi diete. Aspaldi gainditu zuten erretreta hartzeko adina --zenbat urte duten ez dute esan nahi-- eta hala ere sasoiko daude: baratza zaintzen dute, egurra moztu, neguan elurra kendu... Sasoi horren sekretua,  'indarra' (sic) omen da eta euren esanetan beraien nortasuna definitzen du euskal hitz horrek: 'adorea', 'burugogortasuna' eta 'ekina' esan nahi duela azaltzen diote ingelesez elkarrizketatzen dituen kazetari oregondarrari.

'Badakizu lana egiten, ez zara sekula gose izango'

Ardiak zaintzen emandako urteen ostean --1953etik, arrantxua 1973an saldu zuten arte-- ibiltzea ere euren nortasunaren parte bihurtu da. Senarrak hilda, seme-alabak kanpoan, apenas gelditzen da artalderik Wallowa County-n eta egun euskaldunak ez dira gehiago andanaka etortzen lan bila Oregonera. Baina beraiek ibili-ibilian jarraitzen dute, beti oinez. Batzuetan 20 kilometro egiten dituzte egunean, eta neguan iltzedun botak erabiltzen dituzte, eguraldi txarraren gainetik bidea egiten jarraitu ahal izateko. Joan den irailaren 6ean kilometro eskas bat baino ez zuten egin. Baina aukera bereziak merezi zuen: Wallowa County Fairgrounds-era joan ziren eta han Hells Canyon-eko desfileak omenaldia egin zien. Horregatik gustura igo ziren desfileko buru zen gurdira, eta bertatik egin zuten ibilbidea, lagunak eta ezagunak agurtuz.

Ulacia Ahizpak Oregon 2 

[Ulacia ahizpak Hells Canyon-eko desfilera bidean --oinez, noski-- galtza eta alkandora bakeroak jantzita (argazkiak The Oregonian)]

AEBetako ekialdean ezarri ziren talde etniko askotako kideak bezala, Juana eta Maria bezalako immigrante euskaldunak gogor lan egiteko zeukaten gaitasunarengatik ziren ezagunak. Ahizpak baserritar familia batean sortuak ziren eta bost urtekin Juanak behiak jaisten zituen; Maria 12 urterekin neskame edo sehi joan zen. Aitak bizi osoa markatuko zien lezioa erakutsi zien haurtzarotik: 'lana egiten badakizu, ez duzu goserik pasako'.

Udak mendian

Ahizpen senarrak ere, Joe Onaindia eta Gus Malaxa, langile gogorrak ziren. New Yorketik Euskal Herrirako hegaldian ezagutu zuten elkar, artzain bezala AEBetan lehen urteak pasa ostean. Etxera helduta bi lagunek Ulacia ahizpak ezagutu eta bi bikoteak batera ezkondu ziren 1951ean. Urte batzuk geroago beharrak Oregonera eraman zituen berriz eta bertan laketu ziren behin betikoz familiak. Bi ahizpek, seme-alabak eskolara joaten hasi ahala ikasi zuten ingelesa. ‘Eta uda heltzen zenean, mendira, ijitoak bezala', azaltzen du grafikoki Juanak. 

Mariaren alabak, Juanita Onaindiak, sei hilabete zituen udan mendira artaldearekin igo zen lehen aldian. Haurtzaroko oroitzapen ederrak ditu: erreka bihurriak, artaldearen atzetik bidean jarraitzeko goiz jaiki beharra, zaldiekin jolastea... ‘Oraindik ere gustuko ditut ardiak', dio Maria. 'Ez dut bizimodua faltan botatzen, baina bai ardiak'. Juanak buruarekin ezetz dio: ‘Animaliak maite ditut, baina sinets egidazu, ardiena lan gogorra da!’.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia