euskal diaspora eta kultura
2008/07/21
PUBLIZITATEA
Ordizia, Gipuzkoa. Andres de Urdanetaren dokumentalaren grabazioa martxoan hasi zuten Mikel Urretabizkaia zuzendariak eta bere lantaldeak. Filipinetan, Mexikon, Valladoliden, Madrilen, Lisboan eta Euskal Herrian bertan filmatzen aritu ostean, ekainean amaitu zuten 'Urdanetaren sekretua'. Zuzendariak berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, 'Urdanetak bazekien Filipinak eta Amerika arteko bidaia nondik egin behar zuen. Bide hau deskubritzeak ospetsu egin zuen Urdaneta eta berak bidea, hau da, dokumentalaren izenburuan aipatzen dugun sekretua, ezagutzen zuen'.
Hilabete hauetan zenbait zailtasun gainditu ditu behar izan lantaldeak grabazioan. 'Zailtasunik handiena XVI. mendeko irudia gaurko egunetara moldatzea izan da', aipatzen du Urretabizkaiak. Bestalde, 'dokumentalaren ehuneko hogeian-edo eszenifikazioa erabiltzen da eta honek beti ekartzen ditu zailtasun gehiago aktoreak eta tokiekin lan egiteko garaian', aipatzen du zuzendariak.
['Urdanetaren sekretua' dokumentalaren bi irudi. Andres de Urdanetaren papera antzezteko hiru aktore erabili dituzte: Beñat Intxausti izan da Urdaneta umea; Gorka Lari, Urdaneta itsasgizona; eta Manuel Viloria Urdaneta fraidea (argazkiak Ordiziako Udala)]
Urdanetaren 'benetako irudia': nabigatzailea
'Urdanetaren sekretua' dokumentalak Andres de Urdanetaren 'benetako irudia' erakutsi nahi die herritarrei, Urretabizkaiaren esanetan. 'Orain arte beti fraidez jantzirik ezagutu izan dugu, bera agustindarra baitzen. Baina ez zen misiolaria, gaur egun ezagutzen den moduan. Bera nabigatzailea zen, kosmografoa. Eta hori da dokumentalaren bidez erakutsi nahi duguna', azpimarratzen du. Horrela dokumentalak egungo Mexikoko erregeorderrian egin zuen lana eta Juan Sebastian Elkano eta Miguel Lopez de Legazpi nabigatzaile euskaldun handiekin izan zuen harremana ere azaltzen ditu.
Dokumentala Ordiziako 'Herri Antzokian' eskainiko da gaur. Euskarazko bertsioa 19:00etan hasiko da eta gaztelaniazkoa 20:15etan. ETB-1 eta ETB-2 telebista kateek ere filmea emango dute aste honetan. Ikus-entzunezko lan hau Ordiziako Udalak sustatu du eta Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren, SPRIren eta ETBren laguntza ekonomikoa jaso du.
Lotura interesgarriak
Ordiziako Udala
www.ordiziakoudala.com
Andres de Urdaneta
www.andresurdaneta.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus