euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ordiziako alkatea Mexikon Andres Urdanetaren V. mendeurrena dela-eta eratutako ekitaldietan partaide

2008/10/07

Andres de Urdaneta
Andres de Urdaneta

PUBLIZITATEA

Andres de Urdaneta itsas gizon euskalduna jaio zela 500 urte betetzen ari diren honetan, Acapulco eta Mexiko DF hirietan ekitaldiak ari dira antolatzen efemeridea behar bezala ospatzeko. Urdaneta Ordiziako semea zenez, bertako alkate Jose Migel Santamaria Mexikon da ekitaldiotara gonbidaturik. Santamariak 'Cuauthemoc' untzi eskolan emango den 'Urdanetaren sekretua' dokumentalaren emanaldian izango da gaur, beste zenbait agintarirekin batera. Mexiko hiriburuko Franz Mayer museoan 'Andres Urdaneta 1508-1568' erakusketa urriaren 17 arte dago zabalik.

Acapulco, Mexiko. Andres de Urdaneta itsas gizonaren jaiotzaren bosgarren mendeurrena dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dira iazko abendutik hona, bai Euskal Herrian eta baita Mexikon ere. Ordiziako alkate Jose Migel Santamaria Mexikon da aste honetan, Mexiko DF eta Acapulco hirietara etorririk. Gaur Acapulcon nabigatzaile euskaldunaz emango duten 'Urdanetaren sekretua' dokumentalaren proiekzioan parte hartuko du Santamariak beste agintari batzuekin batera. Cuauhemoc untzi eskola militarrean izango da ekitaldia.

Andres de Urdaneta 1508-1568 urteen artean bizi izan zen. Bere ekarpen famatuenak, 'Itzulbidea' (gazteleraz 'Tornaviaje') edo Ozeano Bareko bidaia, 1565ean Asia eta Amerikako kostaldeak lotu zituena, Manila eta Acapulcoren arteko harremana ahalbidetu eta 360 urteko komertzio bidea zabaldu zuen. Bidaia honetaz gain, bere bizitzan zehar egin zituen beste bidaiak Europa, Asia eta Amerikako harreman komertzialen oinarri izan ziren, hiru kontinenteen arteko komunikazioa posible eginez.

Erakusketa Mexiko DFko Fran Mayer Museoan

Urdanetaren bostgarren mendeurrenaren ekitaldiei loturik,  irailaren 17an Mexiko DF-ko Fran Mayer Museoko klaustroan inauguratu zen 'Andres de Urdaneta 1508-1568' erakusketak zabalik segituko du urriaren 17raino. Erakusketak Urdaneta bizi izan zeneko kontestu historikoa azaltzen du: garaiko itsas potentzien arteko liskarrak, Asiara gerturatzeko ahaleginak eta Espainia Berriaren papera aro horretan.

Andres Urdanetaren 500. urtemugan Ordizia herri euskalduna, Filipinetako Urdaneta, Peruko El Callao eta Mexikoko Acapulco hiriekin senidetu da. Acapulco, Urdanetak sortu edo aurkitu zuen merkatal bidearen helmuga zen eta urtero Asiako altxorrak Ameriketara ekartzean, hemen lehorreratzen ziren untziak. Horrek aberastasuna ekarri zion hiriari eta baita ingeles piraten bisita ere. Orain, zenbait mende geroago, euskal komunitate txiki baino bizia biltzen duen hiri mexikarrak aukera izango du harremanak estutzeko Ordiziarekin eta Euskal Herriarekin.

Lotura interesgarriak

Franz Mayer museoa

Andres Urdaneta webgunea


 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia