Mendoza, Argentina. “Ordago a los Grandes" (Ordago Handiei) izen esanguratsuarekin, Mus Txapelketa honen lehen edizioak omenaldia eskaini zien maiatzaren 25 eta 26an, osteguna eta ostirala, elkartearen egoitzan, Mendozako Denak Bat Euskal Etxearen sortzaile izan ziren lau lagunei, Agustin Salvarredi, Martin Greño, Arturo Fabre eta Vicente Lecea-ri, muslari porrokatuak eurak. Ekitaldia 2020ko martxorako programatu zen hasiera batean, baina pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan da. Txapeldunak, Victor Sacattareggiak eta Agustin Salvarredi semeak osatutako bikotea izan dira, txapeldunorde Pablo Guzzo eta Patricia Arnal.
Ezkerrean, txapeldunordeak, Pablo Guzzo eta Patricia Arnal; eskuinean, Víctor Sacattareggia eta Agustín Salvarredi txapeldunak
Hilosteko omenaldi bat da, Euskal Etxearen lau sortzaileak joanak baitira, azkena, Agustin Salvarredi, 2019an zendua. Euren omenezko txapelketa antolatzeaz gain, lan artistiko batekin ere omendu nahi izan dituzte lau fundatzaileak, eta Denak Batek Matias Daviron ilustratzaile eta diseinatzaileari enkargatu zion. Ondorioz, artistak lau muslari hauen adiskidetasuna lau kartatan islatu du, lbakoitza lau erregeetako bat dela, bere ezaugarri bereizgarriekin.
Matías Davironek diseinatutako lau fundatzaileen irudiak
Ekimenaren bultzatzaileetako bat den Lautaro Pincheirak honela gogoratu ditu Euskalkultura.eus-entzat lau omenduen soslaiak:: "Agustin Salvarredi, errege urrea, nire bizitzan ikusi dudan jaunik alaiena zen, eta San Martingo bere finkatik beti opari ekartzen zuen bere intxaur poltsatxoarekin dut gogoan. Beti txukun, ilea gominaduna, urrea bezain zuria. Martin Greño, beti kafea eta pattarrarekin, kopa erregea da, jakina. Trekkingerako oinetakoak erabiltzen zituen, horregatik detailea. Arturo Fabre, Racingeko jarraitzailea, uruguaitarra jaiotzez, bere banda txuriurdinarekin eta makila gisako ezpata dotorearekin (makila erabiltzen baitzuen). Vicente Lecea, Berastegin jaioa, lehorreko euskalduna, zakarrs agian formetan eta zuzena, bere akordeoi eta abarkekin, bastoien erregea”.
Zorionak Denak Bat Euskal Etxeari eta txapeldunei!