Vitoria-Gasteiz. Martxoaren 31a da HanHemenek zabaldutako inkesta betetzeko azken epea, ondoren bildutako datuak prozesatu, ondorioak atera eta emaitzak aurkeztuko baitira. Zer nahi den jakin? Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen iritzia, nolakoak diren, nola ikusten diren hainbat gai Diasporatik: nazioarteko euskal sare eraginkor bat eraiki ahal izateko adierazgarriak izan daitezkeen gaiei buruzko aburuak. Beste saiakera bat izango da Diasporari tresna berri bat emateko.
Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dagoen inkesta bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak eta kontaktatu eta parte hartzeko eskabidea egiten dizu. Izena eman eta berehala bidaliko dizute. Diasporakoa bazara, bertan bizi dena edo Diasporan euskaltzale bazara inkesta bete dezakezu. Galderak profil bakoitzari egokituko zaizkio. Zure iritziak irakurri eta kontuan hartuko dituztela euskal diasporaren argazkia egin eta planak martxan jartzerakoan agintzen dute.
Lanean jarri zure iritzia
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak sostengatzen duen HanHemen ekimenak kanpoan dauden euskaldunak oro hartuko ditu aintzakotzat: tradizionalki euskal etxe eta elkarteen inguruan mugitu izan diren euskal komunitateak, eta baita egungo euskal emigrazio joera berrien arabera mugitzen diren euskaldunak ere, euretako asko gazte profesionalak, agian euskal etxerik ez dagoen lekuetara lanera doazenak, baina munduan milaka izanik Euskal Herriarekiko loturei eutsi nahi dietenak, .
Inkestan parte hartzen duten pertsonek, HanHemen-eko logoa daraman 10 kit-en (jertsea, koadernoak, kantinplora, katilua, boligrafoa...) zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Hau pizgarri bat izan daiteke, alboko sari bat, garrantzitsuena zure iritzi eta pentsamoldeak iristaraztea baita, gogoan har ditzaten, ez al da hori nahi duzuna?
"Euskaldunak mundu mailan konektatuko dituen espazio digitala, hemengo eta hango, eta alderantziz"