euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Orain dela 70 urte Isidro Langarak debuta egin zuen Argentinan, River Plate taldeari lau gol eginez

2009/05/21

Isidro Langara Galarraga San Lorenzon jokatzen zueneko garaian; taldeko goleatzaile nagusietakoa bihurtu zen
Isidro Langara Galarraga San Lorenzon jokatzen zueneko garaian; taldeko goleatzaile nagusietakoa bihurtu zen

PUBLIZITATEA

Aste honetako Argentinako kirol prentsak euskal protagonista duen efemeridea jasotzen du: 1939ko maiatzaren 21ean Isidro Langara gipuzkoarrak debuta egiten zuen San Lorenzo taldearekin eta lau gol sartu zizkion River Plate-i. Langara Euskadiko futbol selekzioko jokalaria izana zen eta altxamendu frankistaren ostean euskal konbinatuak Kuba eta Mexikora egin zuen biran parte hartu zuen. Mexikotik San Lorenzora joan zen eta Argentinako futbolean hasi zen. 121 partidatan 110 gol sartu zituen eta San Lorenzoko goleatzaile historikoetako bat bihurtu zen. Jarraian Yahoo-Argentinatik jaso dugun Telam agentziako nota itzuli eta jasotzen dugu. Juan Carlos Larrartek sinatzen du.

Juan Carlos Larrarte/Buenos Aires. Orain dela 70 urte, 1939ko maiatzaren 21ean, San Lorenzoko lehen taldearekin debuta egiten zuen Isidro Langara Galarraga euskaldunak, atzean guda zibila eta frankismoa utzi ondoren. Aurkezpenean Langarak lau gol sartu zizkion River Plate taldeari.

Aurrelaria 1912ko maiatzaren 25ean jaio zen Gipuzkoan, Euskal Herrian, eta "Boedoko gaucho"-engana bere herrikide Angel Zubietari jarraiki heldu zen. Biek elkarrekin jokatu zuten Euskadiko selekzioan.

Zubieta eta Langarak San Lorenzon jokatzen zutenez euskal eta espainiar emigratu eta erbesteratuen kuttuna bihurtu zuen talde gorri-urdina.

Euskadiko selekzioko jokalari

Euskadiko selekzio euskal errefuxiatu eta erbesteratuei laguntzeko fondoak biltzeko eta Euskal Herriaren arazoa ezagutzera emateko tresna bezala jaio zen. Taldean Guillermo Gorostiza, Luis Regueiro eta Txato Iraragorri bezalako jokalari famatuak aritu ziren.

1937ko ekainaren 19an, Bilbo eta Bizkaia osoa tropa erreboltarien eskutan gelditu zirenean, Langarak, Zubietak eta Euskadiko selekzioko beste kideek erbesteratzea erabaki zuten eta Ameriketan bira egin zuten. Kubatik hasi ziren, han euskal emigrante asko zegoelako, eta ondoren Mexikon izan ziren eta bertan 1938-39ko Liga jokatu zuten, Club Deportivo Euzkadi izenarekin. Bigarren gelditu ziren.

Guda bukatu zenean, 1939an, eta frankismoaren hasierak gogogabetuta, taldea desegin egin zen eta Zubietak, eta gero Langarak, "Boedoko Zikloia" izenarekin ezaguna zen San Lorenzon bukatu zuten.

San Lorenzoko goleatzaile historikoa

Langarak futbol munduan ibilbide luzea zuen: 1934ko Italiako Mundialean Espainiar selekzioarekin jokatu zuen (final laurdenetara heldu ziren); Gipuzkoako Pasaiako Beti Aurreran, Andoain-en eta  Tolosa Futbol Taldean aritu zen eta 1930etik aurrera Asturiaseko Oviedorekin 220 partida ofizial jokatu zituen eta 281 gol sartu.

Euskal jokalaria San Lorenzora heldu eta argentinar txapelketako hamargarren jardunaldian debutatu zuen River Platen aurka, "Gasometro" zaharrean, eta lau gol sartu zizkien "milioidunei". Liga txapelketa Independiente taldeak irabazi zuen (56 puntu 34 partidatan). Euskaldunak beste lau denboraldi egin zituen Almagroko San Lorenzon eta 121 partidatan 110 gol sartu zituen. Boedoko taldeko goleatzaile historikoetako bat da.

1939ko abendua eta 1940 urtarrila bitartean Langarak San Lorenzok Brasilen egin zuen biran parte hartu zuen, hainbat jokalari ezagunekin: Sebastián Gualco, Mario Scavone, Roberto Terzolo, David Morales, Bartolmé Colombo, Santiago Carignano, Héctor Gualdone, Alberto Lorenzo, Osvaldo Bottini eta Zubieta, besteak beste.

Langarak ez zuen Argentinan titulurik irabazi eta 1943an Mexikora joan zen, bertan 1946a arte jokatuz Real España taldearekin.

Mexikon goleatzaile nagusi eta Kopa eta Liga irabazle

Mexikon euskal jokalariak 27 gol sartu zituen lehen denboraldian, hurrengoan 28 eta urte bete ondoren 40. Bi aldiz irabazi zuen goleatzaile nagusiaren titulua eta Kopa bat eta Liga bat eskuratu zituen bere taldeak.

Langarak erbestea utzi eta Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen 1946ean. Oviedo taldera bueltatu eta bi denboraldi egin zituen bertan. Ondoren Mexikora itzuli eta futboletik erretiratu eta bertan bizitzea erabaki zuen.

Langara Unión Española de Chile taldeko zuzendari teknikoa izan zen 1950 eta 1951ean, eta Pueblarekin 1953ko Mexikoko Kopa irabazi zuen. 1955ean Almagroko San Lorenzon aritu zen eta taldeak zortzigarren postuan bukatu zuen txapelketa.

Isidro Langara Euskal Herrira bueltatu eta 1992ko abuztuaren 21ean hil zen, Andoainen (Gipuzkoa).

Lotura interesgarriak

Isidro Langara, gaztelerazko Wikipedian
http://es.wikipedia.org/wiki/Isidro_L%C3%A1ngara

Basque international players
www.rsssf.com/miscellaneous/bask-intlp.html

Isidro Langararen debuta 'River, lujo y pueblo' blogean
http://riverlujoypueblo.blogspot.com/2009/01/el-debut-de-isidro-langara.html

Almagroko San Lorenzo taldearen webgunea
www.sanlorenzo.com.ar/especiales/historia_36_al_40/historia_36_al_40.php



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia