euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ontarioko Euskal Etxeak Gernikako haritzaren kimu bat landatu zuen bonbardaketaren 70. urteurrena oroituz

2007/05/03

Haritza Euskal Etxearen aurrean (A.O. argazkia)
Haritza Euskal Etxearen aurrean (A.O. argazkia)

PUBLIZITATEA

Gernikako Arbolaren hazi batetik jaiotako haritz kimu baten landaketa eta The Mark of Men: Survivors' Memories of the Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldia izan ziren Estatu Batuetako Oregon estatuko Ontario Basque Clubek Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrenean antolatutako ekitaldien gakoa. Euskal Etxe estatubatuarrak bakearen aldeko eguna bizi izan zuen horrela. 'Euskaldun gehienek --eta guk, euskal amerikar lehengusuek ere-- Euskal Herrian konponbidea eta bake iraunkorra lortzeko esperantza mantentzen dugu', esan zuten elkarteko kideek.
Ontario Basque Clubeko kide eta lagunak joan den igandean, apirilaren 29an, bildu ziren Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldia 'bakearen aldeko bilkura' bezala deskribatu zuten elkartekideek. Bi zati izan zituen. Hasteko, Euskal Etxearen egoitza den Ontario Train Depot ondoko berdegunean Gernikako Arbolatik sortutako haritz kimu bat landatu zuten, eta ondotik bonbardaketari buruzko dokumentala eskaini zuten.

Urteurren hau 'garrantzitsua da euskal komunitatearentzat, Gernika hiri esanguratsua delako guretzat. Euskaldunak bertan biltzen ziren euren legeak egiteko, Espainia sortu aurretik', azaltzen zion Ontarioko prentsari euskal elkarteko kide den Lisa Corcostegui euskalamerikarrak. 'Euskal Herriko hiriburu izpirituala zen (Gernika)', azpimarratu zuen.

Alabaina, 1937ko apirilaren 26ean hegazkin nazi eta italiarrek hiru orduz bonbardatu zuten hiria. 'Nire amuma Enriquetak egun hori gogoratzen zuen', adierazi du bere aldetik Maria Tipton euskal etxeko kideak. 'Astelehena zen, azoka eguna, eta inguruko herrietako lagun asko joan ziren bertara. Berak 26 urte zituen. Hegazkinak oso gertu pasatzen ziren eta pilotuen aurpegiak ikus zitzazketen bonbak botatzen zituztela. Bukatu zenean hiri osoa sutan zegoen', adierazi zion Argus Observer egunkariari.


Lotura interesgarriak

Ontario Basque Club, Oregon, EEUU
www.ontariobasqueclub.dantzariak.net

60. Dinner & Dance jaia Ontarioko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 24an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia