euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ontarioko Euskal Etxeak bere 76. Afari eta Enkante Ongilea egin du, Triki Taka Stomp-en euskal erritmoak lagun

2025/02/28

Ontarioko Euskal Etxearen 76. Karitate enkantea eta urteko afaria
Ontarioko Euskal Etxearen 76. Karitate enkantea eta urteko afaria

PUBLIZITATEA

Ontario, Oregon, AEB. 210 bat lagun bildu ziren joan den larunbatean, otsailaren 22an, Ontarioko Euskal Etxearen 76. Afari eta Enkante Ongilea ospatzeko. Menuaren zati nagusia –entsalada, etxeko ogia, oilaskoa perretxiko krematan eta bakailaoa erreta– inguruan izen handikoa den eta Boiseko [Boise ehun bat kilometrora dago Ontariotik, hemengo distantzietarako hurbil] Cottonwood jatetxeko sukaldari Jesus Alcelay-ren esku egon ziren; postrea, berriz elkarteko kideek egin zuten eta luzitu egin ziren beren goxuarekin.

Ikurrinez eta euskal bannerrez apaindutako festa aretoan, argazki eta artikulu erakusketa interesgarri bat aurkeztu du Euskal Etxeak aurtengo jaialdian, 1948tik gaur arte egunkarietako hainbat materialarekin. Jaia musikaz girotzen Triki Taka Stomp talde boisetarra aritu zen, trikitixa, pandero eta guzti, euskal doinuez edertuz gaua. “Are gehiago, dantza batzuk ere erakutsi zituzten, jendeari dantzatzeko aukera emanez”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i euskal gizataldeko erreferente den Lisa Corcosteguik.


Afariko menua, eta prestatzen lagundu zutenetako batzuk. Antolatzaileei mahaiak zerbitzatzen eta garbitzen laguntzen ‘Ontario High School-eko Spanish Club-eko’ ikasleak ibili ziren, dohaintza baten truke (argazkiak LC-EE)


Aretoko apaingarriak oharrekin euskal kultura eta presentziaz, eta argazki hautatu batzuen erakusketa


Triki Taka Stomp talde boisetarrak edertu zuen giroa bere euskal doinu eta erritmoekin. Ezkerretik eskuinera, Teresa Franzoia (panderoa), Madalen Bieter Lete (baxua), Lael Uberuaga (gitarra kustikoa), Johnny Boyd (trikitixa) eta Elise Overgaard (bateria).


Gaueko protagonistetako bat, enkanteko arkumea

Afalostean, Ontarion ospea duen euskaldunen "arkumearen enkantea" egin zuten anfitrioiek eta tradizioari jarraituz irabazleak Euskal Etxeari itzuli zion. “Arkume bera 43 aldiz saldu da, eta irabazitako dirua ongintzarako bideratzen da”, azaldu digu Corcosteguik.

2025. urtea ondo baino hobeto abiatu dute euskal ontariotarrek eta hasiak dira jadanik datozen hilabeteetako ekintzak prestatzen. Maiatzaren 24an urteko Mus Txapelketa antolatuko dute (NABOren egutegiaren barne dena, nazionalerako sailkagarria), ekaineko lehenengo larunbatean 'America's Global Village' izenpean hemen oihartzun handia duen jai multikulturalean hartuko dute parte eta sukaldaritza klaseekin eta genealogia ekintzekin ere jarraituko dute. Informazio gehiago, hemen.

Ontario Basque Center sareetan
- Facebook, Ontario Basque Center



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia