San Frantzisko, AEB. Online segitu ahal izango da datorren larunbatean San Frantziskoko Gure Euskal Etxetik, bertako Johnny Curutchet-en omenez Euskal Herriko eta bertako bertsolariak partaide egingo den NABO Bertso Saioa. Gogora dezagun pandemia ondotik urtero sasoi eta leku honetan egin den NABO Bertso Saioan beti hartu izan zuela parte Johnny Curutchet bertsolari sanfrantziskotarrak, osasun aldetik gorabeheratsu ibilita ere. Johnny Curutchet 2024ko azaroaren 26an hil zen, gizon atxiki, beti bonetadun eta arras maitatua.
Estatu Batuetako Martin Goicoechea (Wyoming), Oier Pastor (San Frantzisko) eta Nerea Eceizarekin (New York) batera, Euskal Herritik etorririk bertan arituko dira Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolari gipuzkoarrak, baita Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi anaia nafarrak ere, eta oraintsu arte Boisen bizi eta egun Donostian bizi den Todor Azurtza ere. Eurekin batera jardungo dute Mikaela Goicoecheak (gai-jartzaile) eta Xabi Payak (aldibereko ingeleratzaile pantailetara).
Nola segitu
Bertara ezin hurbildurik saioa internetez eta zuzenean segitu nahi dutenek esteka honetatik egin ahal izango dute, Kaliforniako 14:45etatik aurrera, Euskal Herrian 23:45ak direnean. Orduan ere posible ez dutenek, jakin dezatela grabaketa Gure Euskal Etxearen (SFBCC) Youtubeko gunean.