San Pedro, Argentina. San Pedroko Ongi Etorri Euskal Etxeak, hiriko udalak antolatutako Gizataldeen Jaialdian hartu du parte urriaren 9tik 11ra. Hiru egunetan zehar, ‘Txapela’ euskal argentinar sagardoa, izozkiak eta Euskal Herriari buruzko informazioa eskaini dute Euskal Etxeko lagunek euskal txokora hurbiltzen zirenei. Txokoaz gain, kolektibitate guztientzako stand bat ere muntatu zuen Udalak eta bertan ere ikus zitekeen hainbat euskal objektu, ikur, oroigarri…
Dantza ikuskizunari dagokionez, Ongi Etorri Euskal Etxeko erreferente diren Monica Mindurryk eta Lili Saviok gonbidaturik, San Nicolaseko Euzkal Etxeko eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko dantza taldeek dantzatu zuten agertoki nagusian.
San Nicolaseko Igaraba dantza taldeak larunbatean eskaini zuen “pandemiaren osteko bere lehenengo emanaldia”, eurak azpimarratu dutenez. Ana Maria Erausquin Euskal Etxeko lehendakariaren esanetan, “Urte bat eta erdi generaman horrelako jaialdi batera etorri gabe beraz oso pozik gaude. Ezin izan dugu gure sukaldaritzarekin etorri baina bai, berriz, gure dantzak eta ikurrinarekin”.
[San Nicolaseko Igaraba dantza taldea oholtza gainean]
Arrecifeseko taldeak igandean dantzatu zuen eta beraientzat bigarren aldia zen San Pedroko Gizataldeen Jaian. “Txikientzat egun berezia izan zen taldeak izena estreinatu zuelako: ‘Irrifarrak’”, azaldu digu Maria Lujan Valiela Euskal Etxeko lehendakariak. Anabela Bilbao Valiela taldeko zuzendari, Agurra banderari, Borobila, Erre zenituzten sorgiñak eta Aurresku dantzatu zuten txikiek eta ertainek elkarrekin.