euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Ongi Etorri, Joakin', euskal jatorriko immigranteen omenezko liburua, igandean aurkeztuko da 9 de Julio-n

2012/11/23

'Ongi Etorri, Joakin' liburuaren azala
'Ongi Etorri, Joakin' liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako 9 de Julio herriko Jose Ingenieros Liburutegian Elene Kortejarenak idatzitako 'Ongi Etorri, Joakin’ liburua aurkeztuko da igande honetan. Komunitate osoari luzatutako gonbitean adierazten den bezala, “Euskal Herrira egindako bidaia, bihotzetik kontatuta” da testua eta “guztion arbasoen oroimenean dago oinarrituta”. Ekitaldia azaroaren 25ean izango da, iluntzeko 8etan Jose Ingenieros Liburutegian, eta obraren pasarte batzuk irakurriko dira, gaztelaniaz zein euskaraz.

9 de Julio, Argentina. Herri honetako Etxe Maitea Euskal Etxeko kide den Elene Kortejarenak argitaratu berria duen testua aurkeztuko da etzi 9 de Julioko Jose Ingenieros Liburutegian. 'Ongi Etorri, Joakin’ izeneko lanaren idazlearekin batera Elizabeth Tuma Diario del Viajeroko zuzendariak, Hector Iaconis 9 de Julio egunkariko kazetariak eta Maria Amelia Dadet Bragadoko Danak Anaiak euskal etxeko euskara irakasleak ere hartuko dute parte aurkezpenean.

Ongi Etorri, Joakin liburua Euskal Herritik etorri ziren pertsona guztiei eginiko omenaldia da. Izan ere, Joakin Kortejarenaren bizitza hartu nuen eredu, baina euren lur maitea utzi behar izan zuten, eta Argentinara etorri behar izan ziren euskaldun guztien historia kontatzeko”, azaldu dio Elene Kortejarenak EuskalKultura.com-i bere lanari buruz galdetuta. “Joakin 1926an iritsi zen Argentinara Gipuzkoako Villabonatik. Bera bezala milaka euskaldun etorri ziren herrialde urrun honetara baina euren kultura, hizkuntza eta ohiturak galdu gabe. ‘Joakin’ hauen guztien omenean idatzi dut liburua”.

Elene Kortejarena idazlea

Elene Kortejarena Buenos Aires probintziako 9 de Julion bertan jaiotakoa da eta irakaskuntzan aritu izan da urtetan lanean, oinarrizko hezkuntzan eta ahalmen desberdinak dituzten umeekin. 2003an hasi zen bere familiaren zuhaitz genealogikoa egiten eta 2007an Euskal Herria bisitatu zuen. Bidaiak mundu berri batean murgiltzeko aukera eman zion eta euskaldunen mundu horretan murgilduta ekin zion liburu hau idazteari. “Herrimina eta nostalgia sentitu izan zituzten guztiei eskaintzen diet nire liburu hau”, azaltzen du Kortejarenak.

9 de Julio-ko Jose Ingenieros Liburutegiaren, bertako Etxe Maitea Euskal Etxearen eta Julio de Vedia Museo eta Artxiboaren babesa dituen ekitaldia igande honetan izango da, arratsaldeko 8etan. Aipatzekoa da aurkezleen artean, Maria Amelia Dadetek, Bragadoko Danak Anaiak-eko irakasleak, berak euskaratu dituen liburuko pasarte batzuk irakurriko dituela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia