euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ondarearen Egunak ospatuko dituzte asteburuan Bordeleko Euskal Etxean: musika, erakusketa eta tailerrak

2011/09/15

Ekaineko 'Musikaren Besta' jaian Bordelen kalejira egin zuten elkarteko dantzari eta musikariek (argazkia BordeleEE)
Ekaineko 'Musikaren Besta' jaian Bordelen kalejira egin zuten elkarteko dantzari eta musikariek (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bihar bertan hasi eta igandea bitartean Bordeleko hiriak ospatuko dituen Ondarearen Egunetan parte hartuko du Eskualdunen Biltzarra euskal elkarteak. Egitarau zabala prestatu dute horretarako Bordeleko euskaldunek, musika ardatz izango duen programa batekin. Ostiralean euskal musikaren historiari buruzko hitzaldia emango du Christian Lapreriek, eta gai berari buruzko argazki erakusketa zabalduko da. Larunbatean txalaparta tailer irekia eskainiko du elkarteak eta asteburu osoan euskara, dantza, kantu eta mus lantegiak egin ahalko dira euskal etxearen standean.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxeak parte hartuko du asteburu honetan hiri frantziarreko udalak 'Journées du Patrimoine' edo Ondare Egunak direla eta antolatu dituen ekitaldietan. Aurreko urteetan egin bezala Bordeleko euskaldunek hainbat ekimen prestatu dituzte, euskal kultura ezagutzera emateko beta hau probestuz. 

Euskal etxearen jai programa bihar bertan hasiko da, elkartearen egoitzan egingo den hitzaldiarekin. 'Euskal Musikaren Historia' da solasaldiaren izenburua eta Christian Laprerie izango da hizlaria (18:30tan hasiko da). Egun horretan bertan inauguratuko da euskal etxean 'La Musique Basque' argazki erakusketa, eta igandea bitartean izango da ikusgai.

Larunbatean Eskualdunen Biltzarrak standa ezarriko du Pey Berland plazan eta txalaparta lantegia egingo du bertan. Jendea standera biltzeko goizean goiztik kalejira egingo dute hiriko kaleetan zehar eta haur eta nagusientzako hasiera ikastaroa egingo dute. Ondoren, arratsaldean, txalaparta emanaldia eskainiko dute irakasleek eta jarraian beste hasiera ikastaro bi emango dituzte, oraingoan ere txiki eta helduentzat. 

Euskal elkartearen standa asteburu osoan egongo da irekita, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 6:00ak arte, eta bertan, txalapartaz gain, beste kultur tailer batzuk ere egingo dituzte: euskara, dantza, kantua, musa eta gehiago. 

Ikastaroak abian

Asteburuko ekitaldiez gain, euskal etxea ikasturtea hasten ari da hil honetan, eta jarduera gehienak abian dira. Hau da elkarteak webgunean argitaratu duen hasiera egutegia. Loturetan klik eginez, jarduera bakoitzari buruzko informazio gehiago:

  • Alegera: abesbatz erlijiosoa, abian

  • Bestalariak (abesbatz tradizionala) abian

  • Biltzarra (haur eta gazte dantza taldea) abian

  • Etxeko soinuak (musika tresna tradizionalen ikastaroa) abian

  • Gau Eskola (euskara ikastaroa) hasiera irailaren 26ean

  • Haurrak Eskuaraz (haurrentzako euskara ikastaroa) hasiera urriaren 1ean

  • Laguntza (elkartasuna) abian

  • Lehengoa (euskal etxeko artxibategia) abian

  • Mus (karta jokoa) abian

  • Mutxikoak (helduentzako dantza ikastaroa) abian

  • Pilotariak (pilota ikastaroak eta praktika) abian

  • Pintxoak (sukaltaritza tailerra) abian

  • Xitoak (haurrak euskal kulturan murgiltzeko ikastaroa) abian



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia