euskal diaspora eta kultura
2013/05/17
PUBLIZITATEA
Tres Arroyos, Argentina. Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxekoek oso ondo azaldu digute zergatik saritu duten aurten Maria Teresa Urdampilleta etxekidea 2013ko 'Ondare Tresarroyostarra' (patrimonio tresarroyense) sariarekin. Arrazoiak fundamentuzkoak dira eta sariaren mamia adierazten omen dute.
“Abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen zen familia batean hazia, Maria Teresa Urdampilletak Nuestra Señora del Lujan eskolan ikasi zuen apopilo. Andereño hasieran eta matematika irakaslea gero, hezkuntzako hiru mailetan jardun zuen eta hiruretan hamaika lagun egin zituen.
Irakaskuntzan lanean ari zela, 1974ean ‘Artea’ liburudendaren proiektuari ekin zion. Kulturgune bihurtuta, liburuak saltzeaz gain hezkuntzari buruzko aholkuak ematen zizkien Teresak 'Artea'ra norabide bila iristen zirenei. Lokalaren sotoa artisten elkarretaratze eta literatur ekitaldien egoitza ere izaten zen; larunbat goizean biltzen ziren artistak, asteroko bilerak gauzatzeko.
[Sarituaren ahaide eta lagun ugari bildu ziren euskal etxean. Ekitaldi honekin hiriaren 129. urtemuga ospatu zuen Hiru Errekak (argazkiaEE)]
Ekintzaile handia izan da Maria Teresa Urdampilleta baina ez da bakarrik egon ibilitako bidean. Bere gurasoak, Jose eta Satur, anai-arrebak eta bilobak ondoan izan dira beti. Eta proiektuak burutzeko grina hori izan zen 1999an euskaldun talde batekin elkartu eta euskal etxearen oinarria ipintzera eraman zuena. Gaur egun oso garrantzitsua da Maria Teresa gure artean, ezinbestekoak baitira bere lana, bere aholkuak, eta laguntzeko prest egoteko bere joera. Urte hauetan txiki guztien ‘amona’ bihurtu da gure Maria Teresa”, narbamendu dute Hiru Errekatik.
'Ondare Tresarroyostarra' sariaren banaketa Hiru Erreka Euskal Etxean burutu zen apirilaren 24an, Tres Arroyos hiriaren 129. urteurreneko ekitaldien baitan. Zeremonian zehar, Maria Teresaren ahaide eta lagunek hartu zuten hitza sarituaren bizitzaren pasadizoak kontatzera. Euskal etxeko arduradunek diploma eta lore sorta eskuratu zizkioten eta txikiek pastel bat. “Pastela iazko umeen askarien ikur bat izan zen, Terek klase guztietan eramaten zielako txikiei askaria”..
Elkartasunerako gune bat
Behar handietan daudenei laguntzea ere bada Tres Arroyoseko euskal etxearen helburuetako bat. Kari horretara, sari banaketa bukatutakoan, diru-laguntza txiki bat ematera animatu zuten antolatzaileek bildutako jendea. “Dirua herriko Virgen de la Carreta eskolako liburutegiari emateko izan zen. Eta biharamunean eman zion eskura gure batzordeko kide den Clyde Vizzolinik eskolako zuzendariari” jakinarazi digute Hiru Errekakoek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus