euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oñatiko Oñatz dantza taldea Boisera (AEB) bidaiatuko da etzi, asteburuan San Inazio jai egitarauan aritzeko

2007/07/23

Boiseko dantzariak St. John katedraleko aldarean San Inazio meza nagusian dantzari, Boiseko euskal festaren aurreko edizio batean (arg. BasqueHeritage.com)
Boiseko dantzariak St. John katedraleko aldarean San Inazio meza nagusian dantzari, Boiseko euskal festaren aurreko edizio batean (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Pare bat egun besterik ez dira falta Oñatz talde oñatiarreko dantzariak Idaho estatuko Boise hiriburura hel daitezen, izan ere hiri iparamerikar honetako euskal jaietan eta urtero San Inazioren ohoretan egiten diren ekitaldietan parte hartzeko. Ez da oraingoa Oñati eta Boiseren arteko harremana, eta urteak dira --26-- Boiseko San Inazio jaietan Oñatiko Korpuseko dantzak dantzatzen direla, bertakotuak jadanik, Boiseko 'Oñati' izeneko dantza taldearen eskutik. Dantza horiek egiteko arropa berriz datoz gainera oñatiarrak, itsasoz bi aldeotako euskaldunen lankidetza loturen adierazgarri.
Datorren asteburuan dira Boisen bertako euskal jaiak, urtero San Inazio --uztailaren 31aren-- inguruan antolatuak, ingelesez ere euskarazko izen honexekin 'San Inazio Jaiak'. Jai hitzordu honetan ohorezko lekua dauka betidanik larunbatarekin batera Boiseko kaleetan zehar eta Saint John Katedraleraino egiten den prozesioak, Boiseko dantzariek santu euskaldunaren irudia lepo gainean, gainerako dantzariak dantzari ari direla, beti ere Oñatiko Korpuseko dantzak oinarri hartuta. Aurtengoan, baina, Oñati bereko Oñatz dantzari taldekoen bisitarekin, besta kolore berriz jantziko da, ez alegiaz bakarrik, egiazki ere, Oñatz-ekoak Boiseko dantzariek erabiliko dituzten jantzi berriekin baitatoz, azken urteotan bi herrion eta euren dantzarien artean sortu edo baieztatu diren harreman sakonen adierazgarri.

Orotara 37 pertsona etorriko dira Oñatitik--horietarik 29 dantzari, lau txistulari eta trikitilari eta beste zenbait laguntzaile--, abuztuaren 3ra arte luzatuko den bidaian. Harremana, dantzari mailan, Boiseko Oinkari taldekoekin --urte osoan ari den Boiseko dantz taldea da Oinkari-- daramate oñatiarrek eta Boiseko 'Oñati' taldekoekin --azken hau, soilik urtean behin, San Inazio Jaietan Korpuseko dantzak dantzatzeko biltzen den taldea delarik.

Oñatitik etorritako ordezkaritzak beste emanaldi batzuk eskaintzeko baliatuko du bidaia, Euskal Herriko zenbait lurraldetako dantzak eskaintzeko hain zuzen, eta indartzeko, bistan da, dagoeneko aski indartsuak diren harremanak bi herrion arteko gazte dantzarien artean. Harreman berezi horretako parte da oñatiarrek Boisera ekarriko duten jantzi eta dantza arku berrien opari berezia.


Lotura interesgarriak

Basque Community of Boise, ID
www.boisebasques.com

Boise Basque Center, Boise, ID
www.basquecenter.com

Basque Studies Center, Boise State University, Boise, ID
http://basquestudies.boisestate.edu

Cenarrusa Center for Basque Studies, Boise, ID
www.cenarrusa.org

Boiseko Ikastola, Boise, ID
www.boisekoikastola.org

Biotzetik Basque Choir, Boise, ID
http://www.bihotzetikbasquechoir.net

Idaho osoko lagunak bildu ziren Txoko Ona-ren inauguraziora
2007ko ekainaren 26an BasqueHeritage.com-en argitara emana

'Jokoak, giro ona eta euskara asko' Boiseko udalekuan
2007ko ekainaren 19an BasqueHeritage.com-en argitara emana

NABOk Boisen inauguratuko du 'Gaztealdi' programa berria
2007ko maiatzaren 21ean BasqueHeritage.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia