euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldiak, oroitzapenak eta dantzak ordu txikiak arte Trenque Lauquengo Euskal Etxearen 20. urteurren jaian

2018/05/31

20. urteurrenean Euskal Sustraiak-eko lagunen topa egitea
20. urteurrenean Euskal Sustraiak-eko lagunen topa egitea

PUBLIZITATEA

Aretoa bete ospatu zuten Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko lagunek euren elkartearen 20. urteurrena. Afarian menu ederra eskaini zieten anfitrioiek gonbidatu ugaiei eta afalostean hainbat lagun ekarri zituzten gogora, tartean etxea sortu zuen pertsona multzoa eta euskara eta dantza irakatsi zuten lehenak.

Trenque Lauquen, Argentina. Fundazioaren egun zehatza maiatzaren 15a zen eta Euskal Etxeak asteburura, maiatzaren 19ra eraman zuen ospakizuna. Afarira garai guztietako lagunak bildu zituen eta ohorezko aipamenak egin zizkieten gaur egungo agintariek fundatzaile izan ziren Haydee Merino, Norma Mosquera, Isabel Balciscueta, Maria Ines Izaguirre, Lina Acha eta Jose eta Celia Echaniz-i eta Juan Maria Oloriz donostiarrari. Koki Brua Etxeko lehenengo dantza irakasleak eta ‘Euskal Makillak’ izena hartu zuen taldeko Macarenak ere jaso zuten oroigarri bana.

Hitza hartu zuten kideek, elkartea sortzeko eta martxan jartzeko pasatu behar izan zituzten gorabeherak aipatu zituzten, baina beti ere merezi izan zuela esateko eta lanaren emaitza den egungo errealitatea goraipatzeko; iaz hil zen Mario Eguren Euskal Etxeko lehenengo lehendakaria ere gogoratu zuten bildutako lagunek.

Afalostean bideo instituzionala proiektatu zuten eta jaia edertzeko Diego Hernan Paezen musikariarekin abestu eta dantzatu zuen publikoak. Laburra egin zitzaien gaua Trenque Lauquengo lagunei eta goizeko 4ak arte inork ez zuen pista utzi nahi izan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia