euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldiak, oroimenak eta zirrara handia Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 40. Urteurrenean

2016/07/13

Anaitasuna Euskal Etxearen 40. urteurrena uztailaren 10ean ospatu zen, 200 bat gonbidatu lagun
Anaitasuna Euskal Etxearen 40. urteurrena uztailaren 10ean ospatu zen, 200 bat gonbidatu lagun

PUBLIZITATEA

Hilabeteak daramatza Maipuko euskal gizataldeak bere Euskal Etxearen 40. urtebetetzea antolatzen. Azkenean eguna iritsi eta “den-dena ondo baino hobeto atera zen, espero genezakeen bezala”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskal Etxetik. Jaiak lau hamarkada hauetan Euskal Etxea eraiki eta zutik mantentzen lagundu duten pertsonak bildu zituen. Eta komunitate osoa lekuko, merezitako saria jaso zuen bakoitzak.

Maipu, Argentina. 180 lagun bildu ziren jona den igandean, uztailaren 10ean, Sanferminak eta Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen urtebetetzea ospatzera. Festaren programa esker emate meza batekin hasi zen, erakundea eta hildako kideak gogoan.

Eguerdi aldera, Etxekoek garai –eta edade– guztietako Anaitasuna-ko kideak errezibitu zituzten, aretoa bete arte. Etxeko lehendakari Alicia Ithurrart-ek eman zien ongi etorria gonbidatuei eta bere hitzetan Euskal Etxearen lorpenak goraipatu zituen, egindako lana, gaur egun garatzen ari diren proiektuak eta etorkizunari begirako asmoak. Mintzaldian, Ithurrartek otsailean hil zen Pedro Mendiola gogora ekarri zuen. Pedro Mendiola instituzioko lehenengo dantza taldeko kidea izan zen eta 40 urteotan zehar erakundeko ‘zutabeetako’ bat. “Batzordeko kide eta bost dantzariren aita izanik tristura handiz baina bere ezagutu izanaren bozkarioz agurtuko dugu berriro ere gaur Anaitasunakook”, adierazi zuen lehendakariak.

Jaiaren hasiera

Etxekoek dantzatutako ‘Aurresku’ batek eman zion hasiera festari. Omenaldia izan zen festaren une garrantzitsuena. “Izan ere, festa antolatzen hasi ginenean sentitu genuen gaur egun daukaguna ez dela talde txiki baten lanaren emaitza, lagun askorena baizik, askotan isilpean lan egin zuten lagun askorena. Hori dela eta oso egokia iruditu zitzaigun jai hau pertsona horiei gure eskerrak adierazi eta omenaldi bat egitea”, azaldu digu Ithurrartek.

Hona sarituen zerrenda:

-Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea, 1976an Anaitasuna sortu zenean, erakunde berriari bere babesa emateagatik. Denak Bat-eko Miguel Valencia lehendakariak eta Asier Irriberri lehendakariordeak jaso zuten diploma.

-Pilotariak: 1977. urtean Villa Marian egin zen Pilota Paleta Txapelketako irabazle izan ziren Corbalan eta Zabala bikotea.

-Muslariak: 1979, 1980 eta 1982 urteetan Argentinako Txapelketa Nazionaleko irabazleak: Nestor Lazcano, Martin Elorriaga eta Roberto Mendiola.

-Ismael eta Oscar Errecalde, Errecalde tailerraren jabeak, Egunabar taldeak behar zuen eszenatokia eraikitzeagatik. 

-Julia Ester Ercoreca eta Coca Mendiola euren ‘boutique-an’ dantzarien jantziak egin eta edertzeagatik.

Dantzarientzako sariak

-Buenos Aires probintziako Gazteen Lehiaketak irabazitako Felicitas Elorriaga, Claudia Pais, Ignacio Odescalchi, Nicolas Odescalchi, Nicolas Aguayo, Juan Elizondo, Facundo Irusta, Federico Uribe, Marcela Barredo, Mara Emilia Ugalde, Agustina Uria, Agustina Uribe, Mercedes Uribe, Jorgelina Igarza, Natalaia Albaitero, Belen Togni, Vanesa Errecalde eta Ignacio Derdoy. Wenceslao Muir-en zuzendaritzapean, Euskal Herrirako bidaia bat irabazi zuten.

-Egunabar taldeko dantzari helduen zuzendari izan direnak: Sofia Leonelli, Soledad Gestido, Andrea Odescalchi, Mariano Iborra, Mamuno Coudannes, Wency Miur, Iñaki   (Pedro Mendiolaren izenean) eta Eugenia Uribe.

-Luis Irriberry, Egunabar taldeko gizonezkoen lehenengo zuzendaria.

-Oso aipamen berezia merezi du Egunabar taldearen sortzaile eta lehenengo zuzendaria izan zen Marita Ercorecak. Oso momentu hunkigarria bizi izan zuten bildutakoek Euskal Etxearen sortzaileetako bat ere izan zen Maritaren izena aipatu zenean; izan ere, bere dantzari guztiak hurbildu ziren eszenatokira 2011n zendu zen gidari eta buruzagia omentzeko. Katxin Fagoaga bere senarrak jaso zuen diploma. Behin diploma eskuratuta dantzariek fandangoa dantzatu zuten haren ohoretan.

Azken sorpresak

Bazkaria pasatzen hala, beste hainbat sorpresa zeuzkaten prestatuta anfitrioiek. Txikiek dantzatu zuten; erakundearen 40 urte hauek biltzen zituen bideo bat proiektatu zuten (ikusi hemen) eta urtebetetze tarta iritsi zenean, aho batez ‘Zorionak Zuri’ abestu zuten bildutakoek.

Ondoren, Fabian Maya soinujolearen zuzeneko musika lagun hainbat polka, fandango eta kalejira etorri ziren.

“Deialdi zabala egin genuen, kasu batzuetan sare sozialen bidez, beste batzuetan aurrez aurre, eta izugarri erantzun ona jaso dugu. Hori izan da politena. Jaia arratsaldeko 6ak arte luzatu zen eta horren ostean zorion mezuak baino ez ditugu jaso. Beraz, poz-pozik gaude gure Anaitasunak merezi zuen jaia izan duelako”, adierazi dio Alicia Ithurrartek EuskalKultura.com-i.

-Festako argazki gehiago ikusteko, Centro Vasco Anaitasuna Facebook kontuan


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia