euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldiak gailendu ziren Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxearen 60. urteurren zeremonian

2014/09/09

Euren 60. urteurrenean Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko kideek harrera egin zieten Eusko Jaurlaritzaren ordezariei (argazkiaEE)
Euren 60. urteurrenean Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko kideek harrera egin zieten Eusko Jaurlaritzaren ordezariei (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Instituzioaren egoitzan egin zen ekimenak zuzendaritza batzordeko kideak, euskal etxeko lehendakari ohiak, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaria den Sara Pagola eta Alberto Maiztegui doktorea bildu zituen. Maiztegui doktoreari omenaldi hunkigarria egin zioten Cordobako euskal erakundeko lagunek zientzia arloan ikerlariak egindako lanagatik. Protokolozko zeremonia, Cordobatarrak taldearen dantzekin bukatu zen. Ospakizuna, ordea, bazkari eta brindis batekin jarraitu zuen arratsaldean zehar.

Cordoba, Argentina. 1954. urtean sorturik bere 60. urtemugara iritsi da aurten Cordoba hiriburuko Gure Txokoa eta garrantzi handiko data ospatzeko gaur egungo kide eta lagunez gain, etxeko lehendakari ohiak eta euskal gizataldearen izen handiko pertsonak bildu zituen. Euskal etxeak gonbidaturik, Sara Pagola ordezkaria izan zen urteurren ekitaldietan eta Urkullu Lehendakariaren agurra adierazi ostean opariak elkar trukatu ditu Gure Txokoa-ko lehendakaria den Alejo Martin-ekin. 

Urteurren ekitaldia joan den abuztuaren 18an izan zen, eguerdian, eta Aurresku batekin hasi zen. Ongietorria eman ondoren, Martin presidenteak aipamen berezi bat egin zuen berarekin lan egiten duen zuzendaritza batzordearen garrantzia goraipatuz. Segituan, Pagolarekin batera, '60. urteurreneko' lehendakarien argazkiak dituen koadro bat desestali zuen eta diploma bana eskuratu zien presente zeuden lehendakari ohiei. Etxeko zuzendaritzako kideek ere jaso zuten aipamen berezi bat eta baita Anamari Unsain de Saenz eta Rosa Maria Irazusta de Bengoechea andreek ere "euren lana eta Cordobako euskal gizataldearekin duten arduragatik".

Alberto Maizteguiri egindako omenaldia

60. urtemugaren baitan, gorazarre egin zion euskal etxeak Fisika irakasle eta doktorea eta Zientzia Akademia nazionaleko presidentea den Alberto Maiztegui-ri. Jorge Saenz etxeko lehendakari izandakoak hartu zuen maisuari buruz hitz batzuk esateko ardura eta irakaslearen izaera eta jardunbidea goratu zituen. Saenz-en aurkezpena bukatzean, Maizteguik berak hartu zuen hitza eskerrak eman eta euskal etxearen oroipenak publikoarekin konpartitzeko. Opariak ere jaso zituen Maizteguik euskal etxeak eta Euskadiko Ordezkaritzaren partetik. 

Euskal dantzak eta bazkaria

Zeremonia bukatu aurretik, euskal etxeak beste aipamen bat egin zuen. Oraingoan Euskadiko Ordezkaritzako Mariana Satostegui-ren lana saritu dute "Argentinako euskal diasporaren beharrez arduratzeagatik". Bukatzeko Cordobatarrak taldean bildutako dantzariek koreografia batzuk eskaini zizkioten publikoari. Ospakizuna euskal etxeko kideek prestatutako bazkari batekin eta urteurren brindisarekin bukatu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia