Berrogei bat gonbidatu lagun, protokolozko ekintza eta euskal kulturari buruzko hitzaldi bat egin zituen Euzko Txokoa-k bere 50. urteurrena ospatzen hasteko. Zeremonia hunkigarri batean, euren banderadunak aurkeztu, plaka oroigarriak desestali eta instituzioaren sortzaileak omendu zituzten Gral. Achako euskal etxeko egungo arduradunek.
Gral. Acha, Argentina. Hilabeteak daramatza La Pampa probintzia argentinarrean kokatzen den Euzko Txokoa euskal etxeak bere mende erdiaren ospakizunak antolatzen, helburu argi batekin: egun kirol arloan erabat aktiboa den erakundean euskal giroa suspertu eta areagotzea. Helburu horrekin, instituzioaren urtebetetze egunaren baitan eta antolatzaileek gonbidaturik, “Euskaldunen misterioa” izenburuko hitzaldia eskaini zuen joan den larunbatean Mikel Ezkerro irakasleak, bertaratutakoen interesa eta txaloak lortuz.
Hitzaldiaren aurretik, baina, bertan aurrekaririk ez zuen ekitaldi bat gauzatu zen euskal apaingarriez dotore jantzita zegoen euskal etxearen kiroldegian. Erakundearen banderadunak sartzen ari zirela, Argentinako ereserkia abestu zen; ondoren, euskal etxearen historiari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei batzordekide den Laura de Aguirrek.
Kiroldegiko hormetan jarritako bi plaka oroigarri desestali ziren ondoren; bata, euskal erakundearen 50. urteurrena aipatuz, Udalak oparitua, brontzezkoa; bestea, berriz, herriko artisau batek egindako egurrezkoa. Zeremoniari amaiera emateko eta banderak atera aurretik, oroigarri bana eskuratu zitzaien duela mende erdi euskal etxea sortu zutenen ondorengoei.
Protokolozko ekitaldi hau amaituta etorri ziren urteurrenaren gainerako ekintzak. Horiei segida emanez, biharamunean, martxoaren 1ean, Pilota Txapelketa egin zen herriko pilotarien artean.