Oñati, Gipuzkoa. Imanol Pradales lehendakari dela egin den lehenengo Euskal Diasporaren Eguna izan da Oñatikoa —Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren aurrenekoa baita ere, kargura sartu berri-berritan—, eta agian alai eta diferenteenetakoa; Diasporan ekarle diren iturri desberdinak bildurik, hasteko mundu anglo-saxoi (AEB, Australia) eta hispanoa (Latinoamerika) zeuden ordezkatuta. Estatu Batuetatik propio etorritako hainbat jende zegoen, baina bertan ikusi genituen baita ere Argentinako FEVA, Uruguaiko FIVUko eta baita Estatu Batuetako NABOko lehendakari ohiak ere, euskal etxe, elkarte eta komunitateetako kideak, eta euskal instituzioetakoak, giro eder batean partaide (gehienetan girorik onena aspaldian elkar ikusi ez duten lagunei testuinguru egoki batekin laguntzean datza). Duela 50 gertatutakoa (Boise State University-ren Oñatiko 1974-1975 kanpusa eta ikasle 'amerikanoak' Oñatira Euskal Herrian murgildu eta ikastera etortzearen 50. urteurrena) gomutatu eta ohoratzea helburu zenez, argi dago orduan 20-25 urte zeuzkatenek, 50 urte gehiago dauzkatela gaur egun, beraz bisitarien adina goranskakoa zen, baina sasoi eta gogo betez hartu zuten parte, pozik eurek urratutako bideak segida izan duela eta gure Diasporan urrats berriak ematen joan direla ikustean.
Ekitaldiaren hasiera, orduan 'amerikano' haien egoitza izandako Eltzia eraikin beraren kanpoaldean izan zen, Pradales lehendakaria oinez etorri, eskaileretan Oñatiko alkate Izaro Elorzak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballerok eta Kanpoan diren Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezek eta gainerako agintariek agurturik; eta programako haria markatuko zuen performanceari hasiera emanez, Kepa Errasti aktorea gidari. Hainbat musikari, antzezle, dantzari, kirol talde eta abarrek, gehienak oñatiarrak, hartu zuten parte, hari horri tiraka segitu zen ibilbidean, Boise-Oñati amodio istorioaren kontakizuna plazaratuz. "Boise-Oñati, Abentura bat baino askoz gehiago" erakusketatik ere pasatu ziren, eta izen bereko liburuaren egile den Iñaki Galdos Irazabalek (urriaren 6a arte egongo da zabalik bertan) eman zizkien azalpenak.
Oñatiko ekitaldiko bideoa: hastapena, harrera amerikanoei, dantzak, dantza bertikala, kantua, esketxa, 'amerikar' dantzak, bertsolariak, saskibaloia, aurreskua, erakusketa, Imanol Pradalesen hitzaldia tarteka euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz, Carmelo Urza (ingelesez eta gehienbat gaztelaniaz) eta Izaro Elorza (gehienbat euskaraz, zerbait ingelesez)
Aipatutako ibilbide fisikoan ziren txertatu kontaketako atalak eta emanaldi artistikoak. Eraikineko patiotik eta beste leku batzuetatik pasatu ondoren, atzealdetik kanpora irten eta aldameneko San Lorentzo Ermitaraino iritsi zen segizioa. Han, musikaz eta dantzaz dotoreturik, eskaini ziren zati instituzionaleneko hitzaldiak, alkate Izaro Elorza, Carmelo Urza USACeko zuzendari ohia eta duela 50 urte bertan egon zirenetako 'amerikanuo' eta Pradales lehendakaria bera.