Corpus Christi, Argentina. Aho batez hautatu zituzten euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideek aurtengo Maiatzaren 1ean, Langileen Egunean, omendu eta euren ibilbide eta jarduna azpimarratu zituzten langileak. Eusko Etxearen Berripaperak jakinarazten duenez, hautatuak Eugenia Duda, Carmen Delia Miranda eta Cirio Fornasari izan dira eta "kasu bakoitzean fundamentu handiko arrazoiengatik". "Eugenia goizeko 4etan altxatzen da egunero etxeko ogia egiteko, ondoren bere bezeroei eramateko; Carmen Delia Miranda euskal etxeko diruzaina da eta bizikletaz –eta eguraldi txarren gainetik– egunero ateratzen da egunkaria banatzera; Cirio, berriz, lurrinentzako esentziak egiten ditu bere bizitza osoan zaindu, landu eta aurrera atera duen enpresa familiarrean”.
Sariak emateko ekitaldian saridunek urte hauetako guztietako euren lana nolakoa izan den azaldu zuten eta horren ostean topa egun zuten..
Danborrada eta euskara Corpus Christin
Donostiako soinuak Argentinako Mesopotamiara ekartzeko asmotan, Danborrada jotzen ikasteko tailer bat antolatu du Eusko Etxeak. Tailerra adin guztietako lagunei dago zuzenduta, apirilean hasi eta asteazkenero egiten da, arratsaldeko 6etatik aurrera, Ana Maria Macchi Echagüe arduradun. Danborrena ordea ez da Corpus Christin entzungo den euskal soinu bakarra. Izan ere, euskal etxeko kide batzuk Euskaltzaleak-en On Line ikastaroa egiten ari dira, euskara ikasi eta bere presentzia eta erabilera euskal etxera zabaldu ahal izateko.
‘Kontaketa Harrigarriak’
Bestalde, Eusko Etxeko Atahualpa Yupanqui Liburutegiarekin batera, "Kontaketa Harrigarriak" lehiaketaren zazpigarren edizioa abiarazi du Corpus Christiko Eusko Etxeak. Lehiaketan gazteek (18 urte arte) zein helduek (19 urtetik gora) har dezakete parte, bi multzo horietan sailkatuta. Jorra ditzaketen gaiak, berriz, historia familiarrak izan daitezke baina baita gai librea ere (gertaera misteriotsuak edo ez). Ipuinek hiru orriko luzera izan dezakete eta bidaltzeko epea uztailaren 30ean bukatuko da. Oinarriak eskuratu edo informazio gehiago eskatzeko relasombroso5@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Eusko Etxearen 10. urteurrena
Elkarteko Berripaperak, azkenik, erakundearen 10. urteurreneko behin behineko egitaraua ere iragarri du. Ospakizunak abuztuaren 29 eta 30ean izango dira eta oraingoz antolatu diren ekintzak honako hauek dira:
-Lasterketa bat: Misionesko Kaleko Atleten elkartea babesle, Misiones bertako, Corrientes, Paraguai eta Brasilgo korrikalariak bilduko dira
-Afari-erakustaldia, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko sukaldariak lagun
-Argazki erakusketa, 2005etik hona euskal etxeak egindako ekintzen irudiekin
-Cesar Arrondoren hitzaldia euskal kulturaz, FEVAren solasaldi eskaintzaren baitan