euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Gernikari Pergaminon, eta 'Guernica'ren erreprodukzio baten inaugurazioa José C. Paz, Argentinan

2007/05/10

Pergamino hiriko eta 'Lagun Onak' Euskal Etxeko buruzagiak, Gernikako urteurrena  gogoratuz Arbolaren kimu ondoan eginiko ekitaldi ostean
Pergamino hiriko eta 'Lagun Onak' Euskal Etxeko buruzagiak, Gernikako urteurrena gogoratuz Arbolaren kimu ondoan eginiko ekitaldi ostean

PUBLIZITATEA

Segitzen dute iristen gure erredakziora mundu osoan zehar hamaika euskal etxek Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenarekin bat antolatutako ekitaldien berriak. Argentinakoak dira honako biak: Pergamino hirian, 'Lagun Onak' Euskal Etxearen eskutik, meza eta ekitaldi nagusi bat egin ziren, azken hau Merced Plazan, Gernikako Haritzaren kimuaren aurrean, alkatea eta Euskal Etxeko zuzendariak bertan zirela. José C. Paz herrian, berriz, 'Toki Eder' Euskal Etxeko bazkide batek Picassoren 'Guernica'z eginiko erreprodukzio bat inauguratu zen.
Pergaminoko euskaldunek apirilaren 26an bertan gogoratu nahi izan zuten Gernikako sarraskia. Ekitaldiak meza batez hasi ziren eta hiri erdiguneko Merced plazan eginiko deialdi batekin hartu zuten segida. Gernikako Haritzaren kimuaren aurrean, Euskal Etxeko presidentea, Julio de Sautu, 1937ko apirilaren 26 hartaz mintzatu zen, baita data berberaz ere baina 60 urte geroagokoaz, Alemaniak --nazioko presidente federalaren bitartez-- erasoaren ardura hartu eta barkamena eskatu zuen aldikoaz.

'Apirilaren 26, baina oraingoan 1997koa, Gernika sinbolo bilakatu zen berriz ere', esan zuen, 'baina ez gehiago gizakien basakeriarena, bi herrien arteko, euskal eta germaniar herrien arteko berradiskidetzearena baizik', azaldu zien de Sautuk bertaratutakoei, haien artean Euskal Etxeko bazkide eta lagunak eta Pergaminoko intendente edo alkatea, Héctor 'Cachi' Gutiérrez.

José C. Paz-en ere Gernika gogoan

['Toki Eder' José C. Pazeko Euskal Etxeko areto nagusia Esther Yarrituk Gernika, 70. urteurrena eta Picassoren obraz --berak egin eta euskal etxean ikusgai utzitako honen erreprodukzioa ere aurkeztu zuen-- eskaini zuen hitzaldia agitzen ari zela (ikus argazkia artikulu hondarrean)]

José C. Paz-eko 'Toki Eder' Euskal Etxekoak ere modu berezian gogoratu nahi izan zuten Gernikako gertakarien 70. urteurrena eta apirilaren 28an egin zuten, Esther Yarritu irakasleak emaniko omenezko hitzaldi bat medio. Ekitaldian, Yarrituk berak Picassoren 'Guernica'z eginiko erreprodukzio bati estalkia kendu zitzaion. Ez da ahantzi behar José C. Paz Euskal Herriarekin harreman berezi eta zuzenak dituen herria dela. Izan ere, senidetua da Gipuzkoako Oñati-rekin eta adiskidantza eta lankidetza lotura estuak dauzkate. Euskal Etxeak eta Oñatiko biztanleak eduki sozial handiko programak garatzen dituzte elkarrekin Buenos Aires probintziako herri behartsuenetakoa den José C. Pazen.

[Picassoren 'Guernica', Toki Ederreko Esther Yarritu bazkideak egina, José C. Paz-eko Euskal Etxean ikusgai]


Lotura interesgarriak

Atahualpa Yupanqui, Aranburu amaren aldetik, Pergaminon jaioa
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 31ean argitara emana

José C. Paz-eko Euskal Etxea 2007rako egitaraua iragartzen
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 4ean argitara emana

Hauteskundeak José C. Paz-en; Horacio Marotto, EEko presidente
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 28an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia