euskal diaspora eta kultura
2009/05/06
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. 'Asociación Mujeres en la Música' (Emakumeak Musikan Elkartea) elkarteak maiatzaren 20ean egingo duen kontzertuan Maria Luisa Ozaita (Barakaldo, 1939) musikagile eta klabezinistak omenaldia jasoko du, bere 70. urtebetetzea dela eta. Kontzertua Madrileko Auditorio Nazionalean egingo da, 22:30tan, eta bertan María José Sánchez (sopranoa), Daniela Fisher (bibolina), Miguel Ángel Tallante (klabea) eta Guillermo Martínez Concepción (biolontxelo barrokoa) ariko dira.
Emanaldian Barrokoko emakume musikagileen lanak joko dituzte: Sonata para violín y bajo continuo nº1 en Re menor-Re mayor (1707), Les pièces de clavecin, Livre I (1687), eta Esther, Cantata a voz sola y bajo continuo (1708), Elisabeth Jacquet de la Guerre (1665-1729) musikagilearenak, eta De las Arias op. II (1651), Barbara Strozzi (1619-1664) italiarrarena. Horrez gain Ozaitak berak bere azken lana --elkarteak eskatutakoa-- estreinatuko du: 'Los lamentos de Kalam'.
Euskal esklabu bat Abderraman II-aren gortean
Barakaldoko musikagilearen azken lan honek IX. menderaino eramango ditu entzuleak, Abderraman II-aren erreinura. Garai hartakoa da Al-Makari historialariak euskal emakume esklabuei buruz egin zuen kronika eta bertan aipatzen du Kalam izeneko bat, kantuan eta poesiak asmatzen berebiziko abilezia zuena. Abderraman II-aren gortean emirraren eta bere gonbidatuen aurrean poemak inprobisatu eta abestea zen bere egitekoa.
Ozaitaren lana soprano eta biolontxeloarentzako pieza bat da eta estreinatuko duen sopranoari, Mª José Sánchez-i, eskaini dio egileak. Sorkuntza lanean Ozaitak Barbara Strozzi italiarraren 'Lamentos' lana eta Kalam-en istoria izan zituen inspirazio iturri. Lana lau aiene edo 'lamento'-tan banatzen da eta bakoitzaren testuak Ozaitak berak idatziak dira.
Emakumeen musika berreskuratzen aitzindari
Maria Luisa Ozaita 1939an jaio zen Barakaldon eta piano, klabezin eta musikagintzan titulatua da. Fernando Remacharekin ikasi zuen eta hainbatetan bekak jaso ditu atzerrian ikasi eta Kopenhageko Erret Kontserbatorioan egonaldiak egiteko.
Musikagile bezala bere lanak hainbat jaialdietan entzun izan dira: Frauen Musik Viena-n, Donne in Música Erroma-n, Festival de Donne in Música de Fiuggi, Alakanteko Jaialdia, Getxoko Emakumeak Musikan Jaialdia (elkarteak antolatzen duena), Madrileko COMA...
Emakumeek musikaren historian izan duten ekarpenari buruzko hitzaldi asko eman ditu. 2001an María José Martín musikologoak Cincinnatiko Unibertsitatean (AEB) bere lanari buruzko tesia egin zuen: 'Drama eta poesia Maria Luisa Ozaitaren musikan'.
Informazio gehiago Emakumeak Musikan Elkartearen webgunean, hemen.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus