euskal diaspora eta kultura
2009/11/27
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. 2009 urte honetan 70 urte betetzen dira Euskal Herritik Venezuelara ihes egin zuten milaka euskaldun La Guaira portu venezuelarrera iritsi zirenetik. Urteurrena dela eta, askatasun bila Venezuelara atzerriratu ziren euskaldun hauek omenduko ditu Caracaseko Eusko Etxeak bere egoitzan eta Chacaoko La Castellana Plazan.
Larunbat honetan, azaroak 28, arratsaldeko bostetatik aurrera, erbesteratutako euskaldunak omenduko dira Caracaseko Eusko Etxean, Ortzadar euskal dantza talde iruindarraren ekitaldiko edergarri. Omenaldiak hurrengo egunean Chacaoko La Castellana Plazan jarraituko du arratseko lauretatik aurrera. Bertan, herriko alkatetzak ohorezko domina emango die protagonistei, beraienganako begirunea eta miresmena erakutsiz.
[Ortzadar taldeak honakoak dantzatuko ditu omenduen ohorez: Behe Nafarroako Ihauteria edo "Kabalkada", Lapurdiko "Maskarada", Arantzako zortzikoa, Baztango dantzak, Lakuntzako dantzak, Lesakako dantzak, Nafarroako Erriberako Paloteadoak (Cortes, Murchante, Corella...), Uitziko ingurutxoa, Lizarrako "Larrain dantza", Durangaldeko "Dantzari Dantza", Gipuzkoako "Brokel dantza", Zuberoako makildantza, eta Otsagiko dantzak]
Historian atzera begira
1939. urtean Le Havre portutik ateratako Cuba itsasontziak --hau hartua da Venezuelara errefuxiatuak ekarriz iritsi zen lehenengo gisa-- euskaldun hamarnaka batzuk garraiatu zituen herrialde karibearrera. Venezuelara iritsi orduko, bertako prentsak erbesteratutako euskaldunen etorreran interes handia jarri zuten erreportaia zabalak eskaini zituen, azpimarratuz iritsitakoen artean sendagileak, ingeniariak, nekazariak eta bestelako langile espezialduak zeudela.
Cuba-ri portu beretik atera zen Frande untziak jarraitu zion, ondoren Bordeletik atera zen Bretagne-ek, eta Baionako portutik irten ziren Donibane eta Bigarrena egurrezko arrainontziek. Horiek bidegileak izan ziren eta norantza markatu zieten askatasun eta etorkizun hobe baten bila abiatuko ziren beste hamaika erbesteratu euskaldunei, asteburu honetako omenaldia dela-eta argitara emandako paper baten azaltzen duenez.
Bost untzi horiek, bost abentura horiek, 1939an eta 1940ean gauzatu ziren beste hamaika bidaiaren aitzindari izan ziren, besteak beste Dominikar Erepublikatik, Kuba, Argentina edo Kolonbiatik ere etorriko baitziren errefuxiatu euskaldunak Venezuelara. Horiei denei, euren ondorengoek, euskal lagun eta aberkideek eta venezuelar lagunek eegingo diete asteburu honetan omenaldia.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus