San Frantzisko, AEB. San Franciscoko 'Basque Educational Organization' (BEO), "The Impact of Women in the Basque Communities" liburuaren bigarren edizioa ari da prestatzen. Lehen edizioa iazko urrian argitaratu zuen, Basque Cultural Day ekitaldian emakume euskaldunei egindako omenaldiarekin bat. Aurreneko edizioak izan zuen arrakastaren ondoren, aukera berria eman nahi izan diete, liburuan espazioa erosi eta beren bizitzan eragina izan zuen emakume bati edo batzuei buruzko omenezko testu edota argazkiak sartu eta argitara eman nahi dituztenei.
Ehun bat pertsona, familia eta erreferentzia partaide izan ziren, testu eta argazkiak baitaratuz eskerroneko, miresmen edo aitortza sentimendu bereziak idatziz jaso zituen liburu hartan, bestela esanda, izenburu egokia "Eskerrik asko!" izan zezakeen liburu eta ekimenean. Historiak kontatu zituzten, Diasporako euskal komunitatetako emakume bakiotsuen buruzko pasarteak, baita barneko sentimenduak azalerazi ere. Liburuan sartzearekin, jende askok irakurri ditu eta hor geratzen dira erregistratuta, ondarea eta historia horiek partekatuak izatera pasatu dira. Eta orain, bigarren edizioa heldu da.
Eman sorpresa miresten duzun emakume horri
San Frantziskoko euskal komunitatearen baitan sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde bat da BEO eta zabalik dauka argitaraldi berriari izen eta historia berriak gehitzeko aukera. Harritu ezazu miresten duzun emakume hori bere istorioa edo argazkiak libururatuz. Materiala bidaltzeko azken eguna irailaren 15a da. Liburuan orrialde bat sartzeak 115 dolarreko kostua dauka abuztuan, eta 125 dolarrekoa irailean. Trukean, orrialdea sartzeaz gain, ale bat jasoko duzu. Orrialde bat baino gehiago kontratatzea ere posible da.
Liburuarekin bere helburuekin bat doan funtzioa betetzen ari da BEO eta ateratzen diren ekinen zati bat bere Emakumeen Ahalduntze Funtsari bideratuko zaio, AEBetako euskal komunitateko emakumeen gure kulturaren aldeko proiektuak sustatzearren BEOk sortu duen bide berria. Xehetasun guztiak aurreko estekan irakur ditzakezu, bai proiektu batentzako laguntza eskatzeko, bai funtsari dohaintza bat egiteko.