euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Diasporari: Ostegun honetan aurkeztuko du Hernanin bertako 'Bitartean' taldeak bere CD 'Kreole'

2021/03/03

Hernaniko Bitartean folk musika taldeko eta Ttarla dantza taldeko kideak
Hernaniko Bitartean folk musika taldeko eta Ttarla dantza taldeko kideak

PUBLIZITATEA

Joseba Etxarri / Hernani, Gipuzkoa. Euskal eta argentinar osagaiak dauzka Bitartean folk talde hernaniarrak. 2012an sortu zen gaur egun Sebastian Ustarroz Dabadie, Garazi Navas Mundiñano, Ixiar Jauregi Loiarte eta Haritz Ezeiza Zabala kide dituen taldea. "Eta lauok diasporarekin, bereziki Argentinako euskal diasporarekin lotura handia dugu", esan diote EuskalKultura.eus-i. "Itsasoaren bi aldeetan jaiotakoak gara, bietatik edan dugu, eta biei eskaintzen diegu gure lana", aurkeztu zaizkigu.

-Zein da zuen konexioa Diasporarekin?

-"Sebastian (Uztarroz), esaterako, argentinarra da, Necochean jaioa. Orain Euskal Herrian bizi da eta hemen sortu du familia". "Bere aitona Nafarroako Erronkaritik, Uztarrozetik joan zen Argentinara gazte zela, bizi modu hobe bila". "Aurreneko urteak San Andres de Giles-en, Buenos Aires probintzia iparraldean, eman zituen. Egin zuen diru apurrarekin, etxetxo bat egin eta terreno pixka bat erosi zuen. Bizitza pixka bat finkatuta, bere beste bost anaia-arreba ekartzea erabaki zuen. Hauetako bat, barkuko bidaian gaixotu eta bertan hil zen; gorpua barkutik behera bota behar izan zuten, barkuko gainerakoak gaixotzearen beldurrez". "Amaren partetik, berriz, xiberotar jatorrikoa da, Anton Abbadie ezagunaren ahaide. Sebastianen Dabadie birraitona Necochean finkatu zen eta bertako indigena batekin ezkonduta, han hazi zuen familia". "Sebastian, 'Kreole', orain aurkezten ari garen CDko zutarrietako bat da, benetako kreole".

-Euskal Herri osotik, eta Hernanitik ere, jende askok emigratu zuen Argentinara. Neronek ere baditut Argentinara emigratu zuten nire amaren osaba-izeba hernaniarrak. Taldeko gehiagok ere baduzue halako loturarik Argentinarekin...

-"Haritz Ezeizak ere badu familia, XIX. mende bukaeran joana, beste familia txiro bezala lur oparo bila. Garin herrian bizi izan ezarri ziren, Buenos Aires probintzian, eta nekazaritza munduari esker bizi. Luzaroan hango eta hemengo familien arteko konexioa galduta egon arren, orain dela pare bat urte, familiak kontaktuan jarri eta elkartzea lortu zen". "Garazi Navasek ere badu familia Argentinan. Eta Ixiar Jauregi ere, bertan behin baino gehiagotan izan da. Izan ere, Necocheako Euskal Etxeko gazteek antolatutako «Hator hona» programaren barruan joan zen lehenengo aldiz".

-Kuriosidade bat: 'Kreole' zuen CD honetan bada kantu bat 'Arano' izena duena. Eta Arano, Hernanitik gertu dagoen herri nafar bat izateaz gain, Argentinako herri baten izena ere bada, Pampako lautadetan, pilotaleku baten arrastoak oraindik dituena. Argentinako edo Euskal Herriko Aranori eskaini diozue kantua?

-"Haritz Ezeizaren familiaren jatorrietako bat da Nafarroako Arano, hemendik hara joandakoen jaioterria, eta hortik Arano doinua".

-Badirudi euskal emigrazioa eta gure arbaso emigranteak aldarrikatu eta Diaspora bera agerrarazi eta omendu nahi izan duzuela 'Kreole' diskoan, lekukotasuna eman.

-"XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herrian izandako migrazio mugimenduaren isla eman nahi izan dugu. Bateko goseteek eta besteko gerrek, egun beste batzuei gertatzen zaien bezala, hainbat euskaldunek etxea utzi eta atzerrira joan behar izatea ekarri zuten. Guk bide hori kontatu nahi izan dugu. Horretarako, gaiaren inguruko testuak bilatu ditugu. Adibidez, Antonio Zavalak 1984an argitaratutako 'Ameriketako bertsoak' liburuan. Bertan jaso zituen bertso batzuk hartuta, bi kanta musikatu ditugu, bigarren kanta «Adiorik ez», hamargarren kanta «Denak ez ziren Indiano». Honez gain, inguruan ditugun hainbat pertsonaren lekukotasunak ere inspirazio iturri izan dira guretzat".


Bideoklipa: 'Denak ez ziren indiano' (Kreole, 2020) Bitartean folk taldea eta Ttarlako dantzariak

-Dantza ere sartzen duzue ikuskizuneko parte...

-"Azken proiektu honetan Hernaniko Ttarla dantza taldeari gonbitea luzatzea erabaki genuen, guk asmatutako musikak eta adierazi nahi genituen sentimentuak mugimendu bidez lagundu eta ikusgarriago egiteko".

-Taldearekin noraino ibiliak zarete orain artean? Diskoa Diasporan aurkezteko asmorik? Nola harremandu daiteke zuekin?

-"Taldea aurretik ibilitakoa eta kontzertuak emandakoa da Frantzian, Irlandan eta Galesen. 2020an bira txiki bat lotua genuen, baina pandemiagatik plan guztiak bertan behera utzi behar izan genituen. Orain berriz indar berrituta gaude eta pixkanaka bada ere aurrera egitea eta proiektua ahal den heinean aurkeztu eta plazaratzen hasi gara. Martxoaren 4an estreinatuko dugu Hernanin, eta 18an, berriz, Zornotzan. Jakina, Diasporan jotzeko gogotsu gaude eta gustura eta esku zabalik hartuko ditugu proposamen guztiak (bitarteanfolk@gmail.com). Diaspora guztiari, eskuminak eta besarkada handi bat zuen/gure Euskal Herritik.

-BI PASE, 17:00etan eta 19:00etan: "Denak ez ziren indiano" ikuskizuna.
-Bitartean folk taldea: 
Ixiar Jauregi Loiarte (ahotsa eta perkusioa), Garazi Navas Mundiñano (akordeoia), Haritz Ezeiza Zabala (txistua eta alboka), Sebastian Ustarroz Dabadie (gitarra eta ahotsa)
-Ttarla dantza taldea. Koreografia, Izar Aizpuru. Dantzariak: Olatz Encinas - June Olaran - Andrea Galan - Udane Arruti - Igantzi Olaran - Maddi Galarza
-Emanaldia martxoaren 4an, osteguna, Hernaniko Biteri Kultura Etxean
-19:00korako sarrerak agortuta, bigarren pase bat egingo dute 17:00etan.
-Sarrerak, hemen. Martxoaren 18an Zornotzan, Zelaieta Zentroan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia