Benito Juárez, Argentina. Duela 150 urte, joan-etorri askoren ondoren, erabaki zuten azkenean Benito Juarez Hiria non sortu. Hain zuzen ere, "San José de Iraola" izenez ezagutzen ziren lurretan. 1874ko martxoaren 26an, Buenos Airesko Probintziako Gobernuak Juarezko partidoaren hiri nagusia izango zenaren planoak onartu zituen. Handik gutxira, Espainiako, Italiako, Siriako, Frantziako, Ingalaterrako, Luxenburgoko eta Euskal Herriko immigranteak iritsiko ziren bertara. Horregatik, bertako euskaldunen ondorengoak biltzen dituen “Euskal Juarez” elkartea lehenetakoa izan da hiriaren urteurrenerako bidean ospakizunekin bat egiten, eta aktiboki hartu du parte lehen immigrante olatu hartako zein gaur egungo immigranteak omendu zituen ekitaldia antolatzen.
Martxoaren 3an, goizean, Julio Cesar Marini udal intendentea bertan zela, hildako immigranteei omenaldia egin zitzaien hiriko hilerrian. Zeremonia laburra izan zen eta Nuestra Señora del Carmen elizako diakonoaren eta Eliza Ebanjelikoko apaizaren eskutik, lore eskaintza egini zuten Gizataldeen monolitoan. Graciela Elizaldek, Euskal Juarezen izenean, duela mende eta erdi iritsitako aitzindari haiek eta, baita ere, oraintsuago lan egiteko eta Juarez euren leku bihurtzeko heldutakoak hartu zituen gogoan.
Gaur egun Juarezen bizi diren euskal, italiar, espainiar, japoniar, txinatar, eta latinoamerikar etorkinak omendu zituzten joan den martxoaren 3an Bernal Torres Herri Liburutegian
Arratsaldean, Bernal Torres Herri Liburutegian, immigranteak aitortzeko ekitaldia egin zen. Peruko, Paraguaiko, Uruguaiko, Boliviako, Txinako, Japoniako, Venezuelako, Espainiako eta Italiako biztanleek diploma bat jaso zuten musika eta dantza folkloriko-ikuskizun bat eskaini zuen zeremonia batean. Ekitaldian, partekatzen, omendutako guztiekin batera izan ziren Graciela Elizalde, Elena Haedo, Inés Arambillet, Silvina Irouleguy, Marita Larrondo, Ricardo Bruno Egaña, Jorge García, Diego Dorrego Guerrero eta Marcelo López, euskal argentinar elkarteko kideak.