euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia, sariak, musika eta dantzak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxearen urteko jaian

2011/10/20

Ehunka lagun Chascomuseko XXI. Urteko Euskal Jaian
Ehunka lagun Chascomuseko XXI. Urteko Euskal Jaian

PUBLIZITATEA

Urtarrilean ekin zioten Chascomuseko euskaldunek aurtengo ospakizun egitarau oparoari. Erakundearen bigarren sorreraren 20. urtemugan, mota askotako ekintzak gauzatu dituzte Zingirako Euskaldunak-eko lagun eta bazkidek, tartean hitzaldi, dantzaldi, afari eta mus eta pilota topaketak, batzuk aipatzearren. Joan den urriaren 8an, ordea, eta programa honi jarraituz, omenaldia egin zitzaion Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariari, hildakoen omenezko meza egin zen eta erakundearen XXI. urteroko jaia ospatu zuten chascomustarrek. Buenos Aires probintziako euskal etxe askotako ordezkariek hartu zuten parte, baita Argentinan bisitan zebiltzan euskaldun batzuek eta herriko beste gizataldeetako kideek ere.

Chascomus, Argentina. Aktibitate handiko eguna izan zen joan den urriaren 8a Chascomuseko euskaldunentzat, zenbait ospagai tarteko. Hasteko, eta lehenengo lehendakaria hautatu izanaren 75. urtemugan, Jose Antonio Agirre Lekube eta bere laguntzaileen omenean zeremonia berezi bat burutu zuen euskal etxe chascomustarrak Gernikako kimuaren ondoan. Zingirako Euskaldunak euskal etxeko presidente Pedro Mauregui Larrandak hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari eta horren ostean, lore sorta utzi zuten Juan Pedro Urrutibeheity erakundeko alkateak eta Xabin Atxurra zumaiarrak kimuaren oinarrian.

Chascomuseko XXI. jaia 2011 01

[Jose Antonio Agirre lehendakariaren omenean, lore sorta utzi zuten Chascomuseko euskalduneko Gernikako kimuaren oinarrian]

Herriko III. Gizataldeen Festaren baitan gauzatu ziren ekintzen artean, oroitzapen meza burutu zen Nuestra Señora de la Merced katedralean. Segidan, iluntzeko 8etan, herriko Club de Pelota-ri sari bat eman zioten euskal etxeko arduradunek iraganean instituzioko lehenengo egoitza izan zelako. “Leku hau urtez izan da elkargune bat euskaldunentzat”, azpimarratu zuen Larrandak. Ekimenaren garrantzia azpimarratuz, Buenos Aires probintziako Juan Alberto Gobbi diputatua hurbildu zen Clubera euskal etxeko batzordeko kideak agurtzera. Euskal etxeko ordezkariek hitz ederrez eskertu zioten Gobbi-ri gaur egungo egoitza berritzeko emandako diru-laguntzak bideratu izana.

XXI. urteko erromeria

Erromeria izan zen larunbateko azken proposamena eta euskal etxeak komunitateari luzatutako gainerako gonbiteak bezala, arrakastatsua oso izan zen baita hau ere. Gaueko 9etan eta Club Bochistico-n, Graciela Calderon de Bonavitak eta Jorge Etcheparek ongi-etorria eman zieten bildutako lagunei, bereziki Chascomuseko gainontzeko gizataldeen izenean bertaratu zirenei. Euskaldunen jai batean euskara ere izan behar protagonista eta halaxe izan zen, La Platako Unibertsitateko irakurletzako irakaslea den Idurre Lekuonak, mezua zuzendu baitzien euskaraz han zirenei.

Chascomuseko XXI jaia 2011 02

 [Gonbidatuen artean, euskal etxe ugaritako ordezkariak, tartean, Cañuelasko Denak Bat-ekoak, Buenos Airesko Laurak Bat eta Iparraldeko Euskal Etxekoak, Lomas de Zamorako Denak Bat, Mar del Platako Denak Bat, La Platako Euzko Etxea eta Bahia Blancako Union Vascakoak. Horiez gain, La Platako Unibertsitatean ikasten ari diren Euskal Herriko ikasle batzuk ere bidaiatu ziren Chascomusera erromerian izan ahal izateko]

Pilota txapelketa eta Sariak

Jaian bertan sariak eman zitzaizkien urriaren 1ean La Platan egin zen Pilota txapelketako irabazleei. Tomas Scardigno eta Estanislao Alfonsin-ek sari bana eskuratu zuten euren irakaslearen eskutik. Sebastian Errecart irakasleari ere egokitu zitzaion oroigarri bat gazteekin egindako lanagatik.

Dantzak hasi aurretik, euskal etxeko alkatea izendatu zuten erakundeko kideek. 2010eko Juan Pedro Urrutibeheity alkateak eman zion makila Bautista Errecart-i, eta Emiliano Armendariz dantzariak ohorezko Aurreskua dantzatu zien. Azken 20 urte hauetako beste alkateek ere izan zuten euren momentua afarian. Izan ere, omenaldi bat egin zitzaien Lucio Lahurnagaray, Juan Carlos Eguren, Santiago Iriarte, Perla Goñi, Jose Alejo Otondo, Milagros Irulegui de Jaurena, Florencia Otondo de Verbic, Paula Urtea de Barthe Placenave, Juan B. Mutuberria, Delia Irulegui de Martinez, Raul Ibarra, Erasmo T. Astoreca, Osvaldo Etchegoyen, Adela Mendiburu de Bigatti, Graciela Pecotche de Urrutibeheity, Delia Heguiabehere de Lahurnagaray, Osmildo Aranchetbehera, Juan Pedro Urrutibeheity eta Bautista Errecart alkate ohiei.

Chascomuseko XXI jaia 2011 03

[Diplomak oparitu zizkien euskal etxeak bere alkate izan zirenei]

Gazteek kolore eta erritmoa jarri zioten gauari. Eusko Hazia euskal etxeko dantza talde gazteak hartu zuen agertokia bere pauso onenak publikoari oparitzeko. Eta ez ziren bakarrik egon ikuskizunean. Cañuelaseko Denak Bat-ekoak ere pasatu ziren tauletatik euren koreografiak erakusteko.

Eskertzeko opariak

Anitz pertsona eta erakundek lagundu dute Zingirako Euskaldunak euskal etxeak honezkero bi hamarkada gainditu dituen bidea eraikitzeko. Kari horretara, euskal erakundeko kideek eskerrak adierazteko opariak eskuratu zizkien euskal etxearengan eragin nabarmena izan duten lagun batzuei. Probintziako diputatua den Ana De Otazuak berea jaso zuen egoitza berritu eta San Juango bidaia egiteko diru-laguntza bideratzeagatik. Maitena Etchepareren kasuan, berriz, dantza munduan daukan ibilbideagatik saritu zuten.

Sariak ematea bai, baina jasotzea era tokatu zitzaion Zingirako Euskaldunak-i joan den larunbatean. Laurak Bat euskal etxeko kide den Maria Antonia Barquinek “Buenos Aires celebra” erakustaldiaren oroigarri bat oparitu zion Larranda lehendakariari.

Chascomuseko jaia 2011 04

[Ixilik taldeko mutilak kontzertuan]

Gaua bukatzeko, Ixilik musika taldeak kontzertu bat eskaini zion bildutako jendeari. Publikoa hunkitu egin zen Buenos Aireseko taldearen kantekin eta ordu txikiak arte geratu zen musika eta dantza gozagai.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia