euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldi polita San Frantziskon AEBko bertsolariei bertsoaren suziari hainbat hamarkadatan eusteagatik (irudiak)

2022/03/18

San Frantziskoko Omenaldian parte hartutako bertsolari guztiak, bertako eta EHko, NABOko Philippe Acheritogaray eta Kate Caminorekin
San Frantziskoko Omenaldian parte hartutako bertsolari guztiak, bertako eta EHko, NABOko Philippe Acheritogaray eta Kate Caminorekin

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. 'Omenaldi Berezia' eskaini zien NABOk joan den larunbatean San Frantziskon Estatu Batuetako bost bertsolariri. Berezia eta hunkigarria, azkeneko hiruzpalau hamarkadetan hamaika euskal besta eta elkarretaratzetan euskal bertsolaritzaren sua atxiki eta euskarazko lekukotasun kantatua eta umore ona ekarri baitiote euskal komunitateari. Gogora dezagun omendu diren bertsolarietarik hiru Kalifornian bizi direla, Jesus Arriada arizkundarra, Gratien Alfaro urepeldarra eta Johnny Curutchet ezterenzubiarra; Nevadakoa dela, Jesus Goñi oronoztarra; eta Wyoming-ekoa, Martin Goicoechea gorritiarra. Heiekin batera omendu dira, gai-jartzaile eta bertso-saio antolatzaile gisa, San Frantziskoko Franxoa Bidaurreta (Esnazu-Aldude) eta Renoko Joxe Mallea-Olaetxe (Munitibar).

Omenaldian parte hartzeko heldu ziren Euskal Herritik Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolari gipuzkoarrak eta Xabi Paia, bertsolari, idazle eta itzultzaile getxoztarra. Izan ere, Xabi Paya --ordenagailuan San Frantziskoko Valerie Etcharren Arrechea eta Xabier Berrueta laguntzaile-- arduratu zen bertsolarien esanak ingeleseratu eta pantaila batean agertzeaz, euskara aski ongi konprenitzen ez zutenen lagungarri, gisa honetan euskaldun bertsozaleei traba egin gabe heiek ere segi baitzezaketen saioa. Ehun pertsonatik gora bildu zituen ekitaldiak. Gai-jartzaile eta antolatzaile, Boise Idahon bizi den Todor Azurtza donostiarra ibili zen eta saioa hasi aurretik ongi-etorri hitzak esan zituen NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarrak. Sariak ematen, laguntzaile izan zuen Kate Camino NABOko idazkaria.

Bertsolariei ohorezko aurreskua dantzatu zien Nick Fawce gazteak, Valerie Etcharren Arrechea txistulari. Omenaldiaren ondotik aperitifa izan zen areto berean, mahaiak ezarri eta afaria zerbitzatu zen, girotzeko Elko Nevadako Mercedes Mendive akordeoi-jotzaileak euskal aireak jo zituela. Oroi ezagun Omenaldia duela bi urte egiteko antolatu zela, baina orduan berean pandemia lehertu eta kantzelatu behar izan zela, orain, neurriak apur bat arindu eta bidaiak Europara egitea ia libre denean egiteko. Lan ederra antolatzaileena eta bertso-saioa prestatu zutenena. NABO Ipar Amerikako euskal etxeak biltzen dituen federazioarekin batera lankide izan ziren San Frantziskoko Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center eta Euskal Kluba, Basque Educational Organization (BEO) eta Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea ere laguntzaile.

EuskalKultura bertan egon zen eta agindu bezala hona eguneko irudi-kronika:


Bertsolari berri bat tranpaldoan? Ez, NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray da, bildutakoei ongi etorria ematen


Arratsaldeko saioan eta iluntzeko afarian ehundik gora jende bildu ziren San Frantziskoko Gure Euskal Etxera


Joxe Mallea-Olaetxek, besteak beste, AEBko bertsolari ibilbidea aipatu zien bildutakoei


Xabier Payak bertsolaritzari buruzko azalpena eman zuen, bere aldibereko itzultzaile lan batere ez-errazean murgildu aurretik


Saioa zuzendu zuen Todor Azurtzak deia egin zien bertsolariri agertokira igo zitezen


Bost bertsolari aritu ziren: Goicoechea, Goñi eta Curutchen (irudian jardunean) eta Lizaso eta Mendiluzea (eserita)


Saioa hobeto segitzeko, aldibereko itzulpena eskaini zen, pantailan, irudiak erakusten duenez


Martin Goicoechea eta Jesus Goñi jardunean, atzean Todor Azurtza aurkezle eta gai-jartzailea eserita


Internetez landu azkenaldian Boisetik Todor Azurtzak bere bertsozaletasuna. Irudian, gaia jartzen Curutchet eta Lizasori


Eta hona pantaila, ingelesez adieraziz Todor Azurtzak bertsolariei emandako lana


Saioa bukatuta, Omenaldia eta aurreskua, bertako Nick Fawce gazteak dantzatua, Valerie Etcharren Arrechea txistulari


Bertsolari guztiak, ezkerrean NABOko Philippe Acheritogaray eta Kate Camino sariak ematen hasteko prest


NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray saria ematen Los Banosen bizi den Gratien Alfaro urepeldarrari


Saria ematen San Frantziskon bizi den Jesus Arriada arizkundarrari


Saria San Frantziskon jaio, umea zela Ezterenzubira itzuli eta gaztetan berriz sanfrantziskoratutako Johnny Curutchet-i


Nafarroako Gorritikoa da Martin Goicoechea, 16 urte zituela Wyoming-eko Rock Springsera etorria, saria jasotzen


Eta Jesus Goñi oronoztarra, leku askotan ibilitakoa Estatu Batuetan, aspaldi Renon bizi dena, saria jasotzen


Bost bertsolariak euren garaikurrekin NABOko lehendakari Philippe Acheritogarayrekin


Hainbatetan gai-jartzaile, Renon bizi den munitibartarra da Joxe Mallea-Olaetxe, ongi merezitako saria jasotzen


Bereziki San Frantziskoaldean gai-jartzaile, euskaltzale eta kulturazale handia da Franxoa Bidaurreta esnazuarra


Eta Europatik etorritakoek ere izan zuten zer etxeratu. Irudian Xabi Paya getxoztarra berea eskuratzen


San Ignazioko herrikide aurkeztu zuten Sebastian Lizasori etre egokitu zitzaion eta gustura jaso zuen oroigarria


Baita Aitor Mendiluze andoaindarrak ere, eztarri hoztua gaindituta, txalo beroak jaso zituen berak ere


Emanaldia bukatuta, apertitifa, eta ekitaldiko bi gazteenetako bat, Leire Mallea, gurasoak alboan, atxitxe saritua ikustera Hego Kaliforniatik etorria bere zazpi hilabeteekin


Eta aretoa bertan mahaiak ipini eta afarirako prestatu bitartean, lagun berriak solasean, kasu honetan Lizaso eta Goñi


Afaria goxatuz, zuzeneko musika Nevadatik propio etorritako Mercedes Mendive elkotarraren eskutik


Ederki girotu zuen afaria Mercedesek --Elkotik senar Fernando eta alaba Nekanerekin etorria--, zapiak airean eta guzti


Ehun pertsona pasatxo ekitaldiko partaide, Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center-eko areto nagusian


Bertaratutakoen artean, hiru anaia Alfaro, Urepele Koxinerenekoak, anaia Gratienekin ospatzeko, Kaliforniako hiru belaunaldi



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia