Valentzia, Espainia. Valentziako Euskal Etxeak abegia eman zio joan nden larunbatean bere egoitzan "Dantzaren Atlasa Nafarroan" izenpeko ekitaldiari, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria bertan zela, Miriam Veguillas Kanpoko Herritarrekiko Harremanetarako Ataleko arduraduna lagun. Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen proposamen baten inguruan antolatutako saio ibiltari hau Gobernuko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak antolatua da, Espainiako Nafar Etxeen Federazio Nazionalarekin elkarlanean.
“Nafarroako Dantzen Atlasa" deitu saioak Ortzadarren izen bereko proiektua dauka oinarri, elkarte iruindarrak Nafarroak dantzen alorrean daukan aberastasunaren eta aniztasunaren ikerketa etnografikoa helburu, hauen erregistro eta monitorizazio sistematikoa eginez, dantza sustatu, baloratu, transmititu eta biziberriteko lanean lagungarri izateko. Gaur egun 800 erregistro baino gehiago ditu, fitxa teknikoak eta bakoitzari dagokion musika-partitura, bideo erakusgarriak eta soinu-fitxategiak barne
Ortzadarreko hiru dantzari aritu ziren Valentziako Euskal Etxeko erakustaldian
Valentziako Euskal Etxean (Laurak Bat Euskal Etxea / Centro Vasco Navarro de Valencia) erakutsitako formato txiki honekin Nafarroako dantzen atlasak Espainiako estatu osoko ibilbide bat egiteko asmoa dauka nafar etxeetan barrena. Ibilbidea joan den maiatzaren 17an abiatu zen eta dagoeneko Vitoria/Gasteiz, Logroño, Bartzelona, Barakaldo, Zaragoza, Valladolid, Madril eta Bilbokoetan aurkeztu da eta hurrengo geltokiak Cantabria, Sevilla eta Burgoseko nafar etxeak izango ditu.
Proposamen ibiltari hau Nafarroako Gobernuak aurreko urteetan estatuko nafar etxeei egindako beste eskaintza batzuen ondotik dator, beti nafar kulturako alderdi diferenteak landuz, hala nola iaz pilotaren mundua "Euskal Pilota Jokoak Nafarroako Kultur Ondare gisa" izeneko erakusketarekin edo aurrekoan Iñaki Perurena harrojasotzailearen "Harria, maitasun istorioa" izenpekoarekin, herri kirola, poesia eta gogoeta uztartuz.