Corpus Christi, Argentina. Kultur egitarau zabal batekin, Euskal Argentinar Kulturaren Jaia ospatu dute joan den asteburuan Corpus Christiko Eusko Etxean. Larunbatean, uztailaren 22an, hitzaldiak, zinema eta antzerkia gauzatu zituzten, eta igandean, 23an, ekitaldien amaiera gisa, parte hartzaileek elkartasun bazkaria partekatu zuten. Buenos Aires probintziatik, Cesar Arrondo eta Luis Aramburu heldu ziren Misiones probintziara, Olga Leiciagari 'Jose Maria Iparragirre 2022 Saria emateko ardurarekin.
Elisa Goya bazkideak gidatu zuen ekitaldia eta Eusko Etxeko lehendakari Rocio Miranda de Cuklak ongietorria eman zien bertaratutakoei. Chacabukoko Luis Aramburuk egin zuen Gasteizko Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak GKEaren Jose Mari Iparragirre programaren aurkezpena. Programak urtero Argentinan edo Uruguain lan nabarmena egin duen diasporako pertsona bat omentzea du helburu. Cesar Arrondok, bere aldetik, kantari eta musikagile urretxuar ospetsuaren azalpen biografikoa eskaini zuen eta 'Gernikako Arbola', Euskal Herriaren ereserki ez-ofiziala bilakatu den bere kanturik ikonikoena abestu ondoren, 2022ko Jose Maria Iparragirre Saria eskuratu zion Olga Leiciagari.
Hitzaldia eta Eusko Etxeko dantzariak
Ekitaldiak aurrera egin zuen Jose Roberto Arizmendi zuzendari izan zuen “Gora Vasco!”rekin (2006), “El Vasco de la Carretilla” ezizenez ezagututako Guillermo Larreguiren bizitzari buruzko dokumentala pantailaratzen. Lehenago, zuzendari beraren bideo bat aurkeztu zuten, Larreguiren laguna izan zen Jose Gorguesen testigantzarekin. Azkenik, Lucia López de Derna bazkideak, "XIX. mendearen amaierako Euskal Herriko saltzaile ibiltariak" gaiari heldu zion eta Eusko Etxeko dantzari taldeak "Desde Santurce a Bilbao” herri kanta ezagunaren antzezpen batekin girotu zuen, ekitaldia kalejira alai batekin itxiz.
Zorionak eta besarkada bero-beroa, Olga!