euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olga Aurtenechea de Solanés, euskal margoek marraztu duten emakume eta artista arrecifestar langile aktiboa

2007/11/28

Olga Aurtenechea de Solanes, 'Azul' izeneko bere margoaren ondoan (argazkia EuskalKultura.com)
Olga Aurtenechea de Solanes, 'Azul' izeneko bere margoaren ondoan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Pertsona aktibo eta langilea da Olga Aurtenechea. Argentinako Arrecifesen sortua, besteak beste, Lehen Hezkuntzako andereño, Arrecifeseko Museoaren Lagunen Elkarteko eta Artxibo Historikoko presidente, eta honen barnean Arte Museoko sustatzaile, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko lehendakariorde... honelako zenbait lanetan ibilia da. Haatik, garatu eta landu dituen alorren artean, margolaritza, pintura, izan da seguruenik oihartzunik handiena ekarri diona, Arrecifesen bertan eta Buenos Aires probintziako zenbait erakustokietan lanak eskegitzeko aukera eman baitio.
Sabrina Otegi/Arrecifes, Argentina. Olga Aurtenechea 1933an jaio zen Arrecifesen, Buenos Aires probintzian. Bere aitak, Anastasio Aurtenechea, gernikarra, lau urte eman zituen XIX. mende amaieran Kubako gerran, eta borroka-zelaiak atzean utzi ondoren berriro gerrara deituko zutenaren beldurrak Argentinara ekarri zuen 1899an. Argentinan, emaztea izango zuen Maria Ana Haritshandy ezagutu zuen, Garrüze herri baxenabartarretik guraso eta anaia batekin etorria.

Olgaren gurasoek hamar seme-alaba izan zituzten, Olga gazteena. Hamaika aldiz entzuna du berak etxean, ahizpa zaharrenak eskolan hasi zirenean erdara jakin gabe egin zutela eta gurasoak hasarretzen zirenean, euskara hutsean zirela eztabaidak, seme-alaba gazteenek uler ez zezaten. Haur garaiko beste oroitzapen hunkigarri bat aitaren aldeko amonaren heriotza izan zen, 37an, Gernikako bonbardaketan.

Gernikako tragediak ukitutako familia

"Hemen sei hilabeteren buruan jakin genuen eta denak lutoz jantzi gintuzten etxean". Gernikakoa urtero gogoratuko zaien oroitzapena izango da seguruenik, sarraskiaren urtebetetze berria iritsi ahala. Baina aurtengoa, urte berezia izan da doaike Aurtenechea familiarentzat, lehengusu propio bat, Asun Garmendia Aurtenechea, Gernikan bizi dena eta bonbardaketa bizi izan zuena, Alemaniara gonbidatu baitute omenaldietan sarraskiko lekuko gisa parte hartzera.

Iragana eta oraina sarritan nahasten dira oroitzapenetan. Olgak askotan elkartu izan ditu bere margolanetan. Txikitatik atsegin izan ditu arte plastikoak. Hemezortzi urte zituela eman zituen lehenengo urratsak margolaritzan, magisteritza amaitu berritan. Tailer askotatik igaro izan da, konparazio baterako Santa Teresita eskolan ari zirenena, zeina Buenos Aireseko Pesini akademiaren baitan baitzegoen; edo Arrecifesen Luis eta Alicia Elizalde anai-arrebek abiarazitakoan... baina azkenik Francisca Ramos de los Reyes artista eta irakaslearen eskutan jarri zuen bere burua. Honek irakatsi zion bere barneko sentimendu eta kontzeptuak margolanetan islatzen.

Margolanak, zerbait euskalduni lotutakorik tartean

Bere zenbait lanetan antzeman daiteke gai euskaldunik. 'Nostalgian', esaterako, bere aitak tambo-an (behi baserrian) erabilitako elementuak ageri dira, esne potea edota gazta egiteko tresnak adibidez. Aurtenecheak adierazten duenez, "lan honetan nere bizipenak ageri dira, nere aitak tamboa zuenez behiak jetzi eta gazta eta gurina egiten zituen, baita esneki guztiak ere. Nik bizi izan nituen gauza horiek guztiak koadroan ageri dira". Beste margo batean, Arrecifeseko etxeez egindako sail batekoa berau, seguruenik herriko lehen ogitegia izan zena ageri da; Otxoa izeneko euskaldun batena zen eta garaiko erregistroek diotenez 1840a baino aurretik zegoen matxan.

Aurtenecheak erakusketa askotan erakutsi ditu bere margolanak eta sari eta ohore ugari jaso ditu. Beste areto ospetsu batzuen artean bere obrak ikusgai egon dira Buenos Aires Probintziako Etxean, esaterako, San Martin antzokian, eta La Platako Legegintzaldian. Bere azken erakusketak, Arrecifeseko Plaza tabernan izan zenak, jende ugari bildu zuen, herritarrak zein kanpotarrak.

Bolantaz San Ignazioko euskal bestara

Olga ume txikia zenetik ibili izan da Euskaldunak Denak Bat-en --Arrecifeseko Euskal Etxearen izena-- murgilduta, bere familia osoarekin batera. Ongi oroitzen da bizi ziren landa eremutik San Ignazio festara zihoazenean. "Bolantaz (zaldi gurdi mota) gindoazen goizean goiz euskaldunen mezetara, geroago erromeriara, bazkarira... eta arratsalde osoa gelditzen ginen", dio Olgak.

Urteak igarota, Alicia Azarola lehendakari hautatu zutenean --Argentina osoko lehenengo emakume lehendakaria izan omen zen--, Aurtenechea izan zuen lehendakariorde kargutik lankide. Momentu garrantzitsuak oso izan ziren Arrecifeseko euskal etxearentzat, emakume talde harek berrabiarazi eta bizitasuna eman baitzion garai hartan oso geldirik zegoen erakundeari. Honelaxe sortu ziren laurogeiko hamarkadaren bukaeran abesbatza eta euskara klaseak, eta dantza taldeak bolada berria hasi zuen. "Garai zaila izan zen", aitortu dio EuskalKultura.com-i, pasadizo bat baino gehiago bere baitan gordez. "Jendeak lana ongi eta zintzo egingo genuela komentzitu behar genuen, errespetuz ordura arte egindakoarekin".

Semea, erraina eta bilobak bideari eutsiz

Euskal gauzetako lanari utzi ez badio ere, belaunaldi berriei tokia egitearen alde dago Olga. Izan ere, gertutik segitzen du gazteen lana. Bere semeak, Cesar Solanes Aurtenecheak, gogor lan egin du eta egiten du euskal etxeko ekintzetan eta Zuzendaritza Batzordeko partaide da gaur egun, aurretik Gaztemundu programan parte hartu zuen bezalaxe. Erraina, Mariana Dominé Irigoyen, bestalde, 33 urte zituela Arrecifeseko Euskal Etxeko lehendakari gazteena izan zen 2000-2004an; eta egun haur diren Pedro eta Alba bere bi bilobak dantzari dabiltza txikien taldean.


LOTURA INTERESGARRIAK

Josu Legarretak Olga Aurtenechearen erakusketa bisitatu zuen
2007ko abuztuaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Zuzendaritza Batzorde berria Arrecifesen, bera partaide
2007ko maiatzaren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia