euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzeroren etorrerak itxi du Paueko EEaren urte biribila, Lagunt eta Maitak egoitza estreinatu duen urtea

2011/12/28

Olentzero Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxera heltzen (argazkia PauEE)
Olentzero Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxera heltzen (argazkia PauEE)

PUBLIZITATEA

Olentzero ez da esku hutsik azaldu Pauera; pozik dira Lagunt eta Maita Euskal Etxean bukatzen ari den urteak eman duenarekin, batez ere aspaldiko ametsa bete eta egoitza propioa eskuratu dutelako aurten. Iragan azaroaren 26ean inauguratu zuten egoitza berria eta ekitaldian bizitako pozak luze iraungo du. Horrez gain, elkarteak indartsu abiarazi ditu euskara eskolak, lau irakasle berriei esker eta, abenduaren 17an, Olentzeroren bisita jaso zuen Lagunt eta Maitak lehen aldiz. Elkarteko neska-mutikoek pozez zoratzen hartu zuten Gabonak iragartzen dituen euskal ikazkin mitologikoa.

Pau, Frantzia. Elkarteko guraso talde batek sustatu zuen Olentzeroren harrera ekimena eta bertara bildu ziren 24 neska-mutikoen zorion aurpegiak ikusita arrakasta alimalekoa izan zela esan daiteke! Iragan abenduaren 17an Olentzerok lehen aldiz bisitatu zuen Lagunt eta Maita elkartea, egoitza berrian.

Aretoa Eguberritako apaindurez atonduta zegoen, zuhaitz eta guzti, eta haurrek jolasak eta eskulanak egin zituzten ikazkina noiz agertuko zain. Tarte horretan Laura 'andereñoak' Olentzeroren kondaira azaldu zien eta Pantxoa euskal gabon kantak irakasten aritu zen.

Olentzero Pauen 2011

[Paueko Euskal Etxeko neska-mutikoetako batzuk eta 'andereñoa' Olentzeroren zain (argazkia PauEE)]

Eguneko unerik ederrena Olentzeroren etorrera izan zen. Andre Recalt izan zen Olentzero, eta "komediante aparta izanik", elkarteko iturrien esanetan, "ez zitzaion asko kosta paperean sartzea". Ez zitzaion ezer falta: bizar beltza, xamarra, abarkak, eta nola ez, opariz betetako zakua.

Elkarteko ume bakoitzari opari bat eramateko eskatu zitzaion eta gero opari horiek guztiak zakuan sartu eta banatu egin zituen Olentzerok. Umeak opariekin pozik bukatu zuten eguna eta baita gurasoak ere, euren seme-alabek euskal ohitura hau ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan zutelako. Datorren urtean, zalantzarik gabe, gehiago!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia