euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzeroren bisita jaso duen Chascomusko Euskal Etxeak egun batzuk luzatu du Udaleku 2016rako izen-ematea

2015/12/22

2016ko Udalekua sustatzeko afixa
2016ko Udalekua sustatzeko afixa

PUBLIZITATEA

Ahalik eta lagun gehienen partaidetza bultzatze aldera, astebete atzeratu du Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak Udalekuan parte hartzeko izena emateko epea. 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ekitaldi hau urtarrilaren 5etik 9ra izango da, aurten euskal musikarekin lotuta dagoen nobedade polit batekin. Udalekua heldu bitartean, Olentzeroren bisita jaso dute joan den igandean Chascomuseko lagunek.

Chascomus, Argentina. Urtero legez, 2016an ere izango da Chascomus hiria Argentinako Udalekuaren egoitza. Zingirako Euskaldunak antolatzaile, urtarrilaren 5etik 9ra gauztuko da ekitaldia, hainbat aktibitate barne, tartean musika, kirolak, jolasak, mitologia eta sukaldaritza tailerrak eta euskara.

Proposamen berriak ere izango ditu Udalekuk, musika arloan hain zuzen. Antolatzaileek jakinarazi digutenez, ‘Piano bat bertsotan’ delako elkarteko euskal musikariek izen bereko ikuskizuna eskainiko dute Chascomusen, gazteei eta komunitate osora begira. “Inprobisazio-ikuskizuna da; publikoak euskal kantutegiko abestiak hautatuko ditu eta musikariek momentuan joko dituzte pianoan. Publikoaren partaidetza ezinbestekoa izango da, beraz, kantak eskatzeko eta baita abesteko ere. Asmoa da kontzertu goxoa egitea, artistak eta publikoa hurbiltzeko”, adierazi dute Joana Ortega, Sebastian Ustarroz eta Jagoba Astiazaran musikariek ‘Piano bat bertsotan’ ikuskizuna deskribatzeko.

2016ko Udalekuko ekintzak Chascomuseko Euskal Etxean, Pilota Klubean eta zingiran garatuko dira, Argentinako eta Euskal Herriko begiraleen ardurapean. Interesatuek egun batzuk dituzte oraindik apuntatzeko eta horretarako Euskal Etxearekin jarri behar dute kontaktuan. Voucherren prezioak emailez eskatu behar da eta ordainketak egiteko datuak, hauexek dira:

-Kontu Korrontearen zenbakia: 6942-7322/8
-CUIT: 30665097524
-CBU: 0140331001694200732282

Udalekuri buruzko berriak Eusko Hazia Chascomus izeneko Facebook kontura igoko dira. Informazio gehiago eskatzeko, jo 02241-15690373 telefonora.

Olentzero, ikatza, goxokiak eta umeen poza

Joan den igandean jaso zuten Chascomuseko lagunek Olentzeroren bisita. Gabonei begirako ospakizuna Euskal Etxearen aurreko plazan izan zen, arratsaldean, ume ugari lagun. Festarekin hasteko, Olentzero eta beste hainbat euskal pertsonaia mitologikoen irudiak margotu zituzten umetxoek. Olentzerori buruzko ipuin bat ere irakurri zieten helduek eta entzun bitartean mozorrotu egin ziren txiki batzuk

Hura bozkarioa Olentzeroren zain zeuden neska-mutilek euskal ikazkin potoloa ikusi zutenean.! “Umeek berehala inguratu zuten, euren oparien eske, eta Olentzerok, zer eta ikatza banatu zien. Neska-mutilak ez zeuden oso kontent opariekin eta esan zioten Olentzerori ez zutela ikatzik merezi. Zorionez Olentzero konturatu zen ikatz poltsa beste euskal etxe bateko umeentzat zela eta azkenean goxokiak banatu zizkien Chascomuseko haurrei”, azaldu dio antzolatzaileetakoa den Paula Bersasainek EuskalKultura.com-i.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia