Urte berriarekin batera Argentinako euskal etxe gehienak opor sasoian sartuko badira ere, Necocheako Euzko Etxean mugimendu handiko egunak biziko dituzte, Gizatalde Atzerritarren Azoka –urtarrilaren 15etik 17ra– eta San Sebastian Astea –19etik 23era– ospaturik. Eta urtea bukatzeko eta ekitaldi horiek prestatu bitartean, Olentzerok bisita luzatu die necocheatarrei, gozoki poltsa eskuan.
Necochea, Argentina. Proposamen ugari dituzte Euzko Etxeko kideek urtarrilean bertan hasi eta 2016an zehar garatzeko. Urtarrilean kolektibitateen elkarretaratzearekin hasiko den egutegia azaroraino iritsiko da, 2016ko Argentinako Euskal Aste Nazionalarekin. Izan ere, Necocheako euskal elkartea izango da datorren urtean euskal argentinar diasporaren jai nagusiaren antolatzailea, azaroaren 7tik 13ra.
Urtarrileko ekintzei dagokienez, bi proposamen esanguratsu dituzte necocheatarrek komunitateari luzatzeko. Urtarrilaren 15etik 17ra Gizatalde Atzerritarren Azoka izango da Necocheako Miguel Lillo Parkeko Frantses Lorategian (10 eta 89 kaleetan). Bertan ezarriko du Euzko Etxeak euskal stand bat, janari tipikoak, –txistorra, solomoa, ogitartekoak– salduz.
Azokako lana bukatuta, San Sebastian Astea-Necocheako Aste Nagusiaren txanda izango da, hau ere Euzko Etxearen eskutik. Jaialdia urtarrilaren 19an hasiko da, honako (behin behineko) programa honekin:
-Asteartea, urtarrilaren 19a: 19etan, Euskal Zinea
-Asteazkena, urtarrilaren 20a: 20etan Meza Kostaldeko Villako Nuestra Señora de Lourdes Elizan, eta danborrada bertako kaleetan
-Osteguna, urtarrilaren 21ean: 19etan, maila handiko Pilota erakusketa (baieztatzeke)
-Ostirala, urtarrilaren 22an: 21etan, Pintxo Eguna eta Erromeria. Dantzak Euskal Etxeko areto nagusian, Osasuna Otxotea lagun.
-Larunbata, urtarrilaren 23an: Paella erraldoia eta dantzaldia. Txartelak salgai Euskal Etxeko idazkaritzan, urtarrilaren 18tik aurrera
Olentzero eta San Tomas Eguna Necochean
Abenduaren 20an, San Tomas Egunaren bezperan, Necocheara iritsi zen euskal ikazkinik famatuena eta nora eta Euskal Etxearen aurreko plazara zuzendu zituen zuzenean bere pausoak. Bertan Euzko Etxeako lagunekin egin zuen topo… txiki eta helduekin, dantzariekin eta ikusminez hurbildu zirenekin. Euskal Etxeko dantzariek dantza batzuk eskaini zizkioten Olentzerori eta ikazkina esker onekoa izaki, eta opariak banatu zituen. Iluntzean txistorra eta txorizoa sagardoarekin zerbitzatu zieten etxekoek bildutakoei.