Bordele, Frantzia. Olentzerok eta Bordaleko Euskal Etxeak zabalik izango dute datozen bi larunbatetan, abenduaren 7an eta 14an, euren Eguberriko Euskal Denda hiriburu akitaniarrean, 10:30etik 18:30era. Bertatik EuskalKultura.eus-i adierazten zaionez, "Euskal Herriko artista eta artisauak beren obrak aurkeztera etorriko dira" eta "hori gutxi balitz, Kantuz-eko kideek arratsaldea girotuko dute, Eguberri aurreko giro alaia sorturik".
"Gustu guztietarako gauzak egongo dira: egurrezko, larruzko, zeramikazko artisau-produktuak, zilarrezko lauburuak, margolanak eta merkeak diren beste gauzatxo gehiago ere", adierazi dute. "Aukera ederra izango da opari polit, original eta gure artisau eta ekoizleek eginikoak erosteko".
"Eta ez dira faltako gormantentzako kontserbak eta edariak, dastatu zein opari gisa erosteko. Dendara etortzea partekatzeko eta gustura egoteko momentua da eta, horregatik, jateko zerbait ukanen dugu prest, nekatuak diren bezeroen gosea asetzeko", iragarri dute.
"Zatozte, egunpasa ederra egin Bordelen, mementu goxoak pasa eta Eguberri erosketak egin! Hau plan ederra!", "zergatik ez animatu?", egin dute gonbitea.
Eguberri Euskal Merkatua
7 Rue du Palais de l'Ombriere, 33000 Bordele
Ikus non Google Maps-en