euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzerok eta bere istorioak presentzia berezia izan zuten Buenos Airesko CVFek eratutako urte amaiera jaian

2007/12/24

Egur pusketa batzuetan idatzi eta surtara jaurtiz hitz batzuk esan, honela aritu ziren CVFeko kintxoan
Egur pusketa batzuetan idatzi eta surtara jaurtiz hitz batzuk esan, honela aritu ziren CVFeko kintxoan

PUBLIZITATEA

Egiazko data baino pare bat aste lehenago, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak urteari azken agurra emateko festa egin zuen hiriburu argentinarreko Moreno kaleko bere egoitzan. Euskal Etxeko Kultura Batzordeko partaideek prestatu zuten afaria erakundearen kintxoan --erretegian-- eta gaua musikaz, dantzaz, zozketez eta suaren indarraz jantzi zuten. Ekitaldiko erabateko protagonista Olentzeri izan zen alabaina. Bertaratu zirenei, bere istorioa eta kontuak kontatu eta sua piztu eta txotxak eta egur pusketak bota zituen bertara, guztia asmo batekin. Geroztik, joan den asteazkenean, Juan Carlos Ibarrolak emandako azken hitzaldi batekin hasi dira hemen udako oporrak.
Gaueko bederatzi t'erdiak aldera hasi zen abenduaren 15ean Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kintxoan (quincho, erretegia) urte amaiera jaia Bertako leiho eta paretak puxikaz, banderatxoz eta argazkiz apaindu zituzten, mahai zapiak gorri eta berdez jantzirik. Norma Rios-ek oihalezko Olentzero bat egin zuen eta erakundeko Kultura Batzordeko kideak arduratu ziren jana prestatzeaz, pintxoak eginez, baita hamburgesak ere eta azkenburuko, izozkia eta ogi gozoa. Edateko, ostera, honakoen artean hauta zitekeen: ardo beltza, freskagarriak eta zurrakapotea, ardoa, ginebra, fruituak, azukrea eta kanela osagai harturik egina.

[Olentzero --erdian, Juan Carlos Ibarrolaren aldamenean-- kintxoan zeudenei bere istorioaren eta euskal Eguberrien berri ematen Iparraldeko Euskal Etxean, Buenos Airesen]

Bazkaldu bitartean gabon kantak eta oro har euskal abestiak nagusitu ziren giroan. Ondotik, euskal etxeko kide bat, Carlos Martinez, Olentzeroz jantzirik agertu zen eta denek aho zabalik eta pozez legin zioten harrera, gehienentzat benetako ezustekoa izan baitzen. Adi entzun zituzten Eguberriez eta Olentzeroren istorioari buruz kontatu zituenak. 'Ez zigun Olentzerok ikatzik banatu, gozokiak baizik, txokolatezko obleak hain zuzen, sobera gaizki portatu ez garen seinale', aitortzen zion EuskalKultura.com-i Iparraldeko Euskal Etxeko laguntzaile fin den Mariana Arlak.

Sua giroa garbitzen

Bildutakoek suaren zeremonian hartu zuten parte. Horretarako, Olentzerok esandako hitz batzuen ondoren, bertan zeudenek euren izenak eta euren pertsona maitatuenenak egurtxo batzuetan idatzi eta desio bat eskatuz surtara jaurti behar zituzten egur pusketok. Martinezek ezinduak eta gure artean ez daudenak ere oroitu zituen, haien aldeko egurtxoak boteaz. Dantzek ere euren tokia izan zuten ekitaldian, ohi bezala pilotalekuan eta Martin Jaca gidari. Amaitzeko, Juan Carlos Ibarrolak eginiko izozgailurako imanak eta Olentzero kutxatxoak zozketatu zituzten, eta Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxearen elastikoak saldu ziren.

[Olentzero euren izenak eta euren pertsona maitatuen izenak egur pusketetan idaztera gonbidatu zituen bertan zeudenak, eta desio bat pentsatuz, surtara botatzera, guztia berak esandako hitz batzuek lagundurik]

[Olentzeroren festa honetan parte hartu zutenetako batzuk suari so. Ezker aldean, Olentzero bera ikus daiteke]

Honakoa festa giroko azken elkarretaratzea bazen, Iparraldeko Euskal Etxeari dagokionez, azkeneko bestelako ekitaldia joan den asteazkenean egin zen, hitzaldia eman baitzuen abenduaren 19an Centro Vasco Francés-en Juan Carlos Ibarrolak 'Eguberria, neguko solstizioa eta Olentzero gaitzat harturik. Hitzaldiaren ondotik bertako udako oporrei eman zitzaien hasiera.

[Ohiturari jarraiki, jai giro bikainean, Etxeko pilotalekuak agertokia eman zien dantza eta kalejirei, Martin Jaca gidari]

[Ekitaldian partaide izan zirenetako batzuk: erdian, Carlos Martinez --Olentzero--, bere eskuinean, Mariana Arla eta ezkerrean Javier Inzaugarat, Euskaltzaleak-ekoak; goiko lerroan eskuinetik, Cristina Cordara, Norma Ríos, Carlos Bordagaray --atzean, erdi estalita--, Raúl Seeber, Marina Baratce, Hernán Yardin --ikurriña eskuetan duela-- eta Juan Carlos Ibarrola]


Lotura interesgarriak

Nueva conferencia de actualidad en Iparraldeko Euskal Etxea
Publicado en EuskalKultura.com el 9 de noviembre de 2007

'Hablemos de Iparralde', propuesta de CVF y Euskaltzaleak
Publicado en EuskalKultura.com el 28 de septiembre de 2007

Baionako festak Rio de la Plata bertsioan
Publicado en EuskalKultura.com el 9 de agosto de 2007


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia