euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzerok 2011ko bidaiari ekin dio dagoeneko eta bere lehen bisitetako bat Bahia Blancako txikiei izan da

2011/12/02

Olentzerok gozokiak banatu zizkien umeei (argazkia EE)
Olentzerok gozokiak banatu zizkien umeei (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Abenduan sartuta gaude jadanik eta Gabonekin lotuta dauden hainbat ohitura biziberritzen hasiak gara, urtero bezala. Testuinguru horretan, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxe argeninarreko euskara ikasleek Olentzerori buruzko ekintzak burutu dituzte ikasturteko azken eskoletan. Baina euren lana ez da ikasgeletara mugatu; ekintzak osatzeko Bahia Blancako ikasleek “Olentzero eta enbor magikoa” filma ikusi eta Olentzeroren bisita jaso zuten. Horren eta beste aktibitate batzuen berri heldu zaigu Union Vasca euskal etxetik.

Bahia Blanca, Argentina. Ahitu berria den azaroaren 23an eta hiriko Cooperativa Obrera-k antolatutako euskal zine zikloaren baitan, “Olentzero eta enbor magikoa” pelikula proiektatu zen erakundeko kultur aretoan. Berrogeita hamar bat lagunek hartu zuten parte euskal etxeko Barandiaran liburutegiak bultzatutako ekimen honetan, tartean adin guztietako euskara ikasleek. 

“Arrakasta handia bereganatu zuen filmak. Publikoari izugarri gustatu zitzaion eta gaiak inspiraturik, Euskal Herrian bizi izandako pasadizoak kontatzera animatu zen jendea”, azaldu diote liburutegiko arduradunek EuskalKultura.com-i.

Olentzero Bahia Blancan 2011 01

[Euskara ikasleak, Rocio Basterra irakasle eta Olentzerorekin (argazkia EE)]

Filmaren aurkezpena euskal etxeko Emma Vila kideak egin zuen eta proiekzioa bukatuta ustekabe ederra izan zuten txikiek. Pantailatik atera izan balitz bezala, Olentzero agertu zen Cooperativa-ko aretoan. Euskal Herriko ikazkinak, publikoa estonatzeaz gain, gozokiak banatu zituen umeen artean.

Dantzak, aiton-amonak eta musika tresnak

Mugimendu handiko euskal etxea da Bahia Blancakoa eta mugimendu hori erakundeak gauzatzen dituen ekintzetan islatzen da. Dantzariei dagokienez, Necocheako Euskal Astean aurkeztu ondoren, dantzaldi batean hartu zuten parte Beti Aurrerako neska-mutilek azaroaren 30ean. Euskal Herriko eta Argentinako pausoak bildu zituen ikuskizuna Udaleko Antzokian egin zen.

Olentzero Bahia Blancan 2011 02

[Aiton-amonen omenezko dantzaldia (argazkia EE)]

Atzera egiten badugu, urriaren 7an aiton-amonen omenezko elkarretaratzea ospatu zuten Union Vasca-ko dantzariek. Urte osoko lanaren emaitzak erakusteko, euskal etxeko txikienek, 8 hilabete eta 5 urte artekoak eta “Txikis Txikis” izeneko taldean bilduta, Txiki Txikiak, Ipurdi Dantza eta Makil Dantza egin zituzten. Ondoren, 6 eta 11 urte artekoek, esan nahi baita “Txikis” taldekoek,  Polka, Kaskarot eta Fandango dantzatu zituzten. Jaia bukatzeko, ume guztiek egin zuten Poxpolo eta Mokolo pailazoen Gora Behera.

Olentzero Bahia Blancan 2011 03

[Euskal Musika Tresnen argazki erakusketa (argazkia EE)]

Musikarekin jarraituz eta atzerago eginez, Barandiaran liburutegiaren babesarekin, irailaren 19an Euskal Musika Tresnen argazki erakusketa inauguratu zen Bahia Blancako Rivadavia Liburutegian. Oraingoan ere Emma Vilari egotzi zitzaion ekintza aurkezteko ardura eta esker beroak eman zizkien Rivadavia liburutegiko kideei erakundeko ateak irekitzeagatik. Erakusketa urriaren 8a arte luzatu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia