euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero munduko euskal etxeak ari da bisitatzen, Gabon giroa zabalduz eta urteari agur esaten hasteko

2024/12/17

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Bi aste geratzen zaizkio 2024ari eta eta urte zaharrari ‘agur’ esateko festa eta despedida-ekitaldiak segitzen dute munduko euskal etxeetan. Bazkari eta afariak, mezak eta jaiotzak, kantu eta dantzak… eta euskal ikazkin maitatuenaren bisita. Ez daukate lan makala Olentzerok eta Mari Domingik Diasporan barreiatutako haurrak bisitatzen, euskal etxeetako txikientzako –eta hain txikiak ez direnentzako– opariak eta batzuetan ikatza banatzen. Dagoeneko hamaika euskal etxe bisitatu dituzte —Diasporan gauzak askotan aldez aurretik ospatu ohi dira eta— eta segituko dute datorren aste osoan. Beste artikulu batzuetan Argentinako berri eman dugu, eta gaurkoan beste herrialde batzuetako hitzorduak ekarriko ditugu.

Goizik hasi zuen bere ibilbidea ikazkinak eta abenduaren 8an Boiseko kaleetan ibili zen. Boiseko euskaldunek egun horretan ospatu zuten, kalean, Basque Block-en, Eguberriko Euskal Azoka, etekinak Euskal Museoaren alde, eta Boiseko Ikastolako haurrek hiriko desfilean hartu zuten parte, karroza propioan. Geroago, Euskal Etxean, Boiseko Gazteak-eko dantzariak aritu ziren, eta Olentzerok gozoki eta litxarkeriak banatu zituen, jateko bastoiak. Bakersfield-en, Santa izan zen haurren bisitari eta solaskide, meza batekin hasi zen igandean, antzezpena, kantuak eta barbakoa bazkaria lagun, gaztain erreak eta sagardoa zerbitzatuz, eta euskal pastizak salgai, dantzari taldekoen lagungarri, eta zozketekin.

San Frantziskoko Gure Euskal Etxekoek ere igande horretan ospatu zuten euren Eguberri Besta, hemen ere meza etxeko frontoian, Elgarrekin abesbatzarekin, barnean Jaiotzaren antzezpena EEko txikienak partaide, eta bazkaria. Kasu honetan ere Santa izan zen haurrekin solastu eta opariak entregatzeko arduraduna.

Kaliforniatik atera gabe, Fresnoko Euskal Etxeak herriko Santa Fe euskal ostatuan biltzeko deia egin zuen, Etchechury familia anfitrioi, bildu ere Eguberri bazkari baten inguruan, baina goizean goizik Mus Mini Txapelketa bat jokatuz, muszale eta muslari amorratuen eremu den honetan. Hemen ere Santa izan zen euskaldunei bisita egiteko manatua jaso zuena. Asteburu berean, Olentzero bizkor ibili behar izan zuen, Pariseko Euskal Etxeak antolatutako harrera-ekitaldian ere parte hartu behar izan baitzuen.

Ez bertan bakarrik, baita Montrealen ere, Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxearen eskutik. Hitzorduko programan, dantza, kantua, musika, haur joko eta jolasak eta, besteak beste, Didier-ek prestatuko janari beti gustagarria lagun. Abenduaren 13an Mari Domingirekin batera Bartzelonako Euskal Etxea bisitatu zuen, euskal familietako txikienekin festa txiki bat partekatzeko; eta biharamunean Bordeleraino heldu zen, Aquitania Berriko hiriburuan musika eta dantzariak osagai izan zituen Gabonetako elkarretaratzea ezin baitzuten Bordaleko Euskal Etxean.

Jauzika ari gara, beraz, berriz ere kontinentez aldatuko gara, kasu honetan Australiaraino joateko. Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak joan den igande honetan, 15ean, egin zion harrera Olentzerori. Bertako euskal familien haur eta gurasoak, eta aitona-amonaren bat EEko frontoian egon ziren Olentzeroren zain, ikazkina oihuz eta pozik iritsi zen arte, hemen ere ilusioa eta bozkarioa partaide. Opariak egon ziren, kantuak eta, euskal tradizio onenean, txistorra eta odolkia dastatu ahal izan zuten bildutakoek.


Boiseko Ikastolako haurrek euren karroza izan zuten hiriko Gabon desfilean


Boiseko Ikastolako haurren partaidetza KTVB Channel 7 telebistako albistegietan islatua


Meza osoa eta Eguberri antzezpena (29' 12''n hasten da) San Frantziskoko Euskal Etxean. Korala, Elgarrekin.


Fresnon, Eguberriko Mus txapelketako txapeldun Eric & Karlee Lahargou; eta inguruan txapeldunorde Saul Lara & Cesar Salas


Sydneyko Olentzeroren sarrera Euskal Etxeko frontoian. Txistorra eta odolkia ere dastagai


Hotza gora behera Valladolideko Gure Txokoko Abesbatza Gabon errepertorioa kantari hiriko kaleetan

Baina Eguberri hitzorduek segitzen dute euskal etxeetan Gabon eguneraino geratzen den astebetean. Valentziako Laurak Bat EEak astearte honetan bertan eskainiko du bere Eguberri kontzertua 20etan, hiriko kaleetan ere, gabon kantu sorta politarekin. Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoiak ostegunean itxiko du bere urtealdia, bere ohiko Eguberriko Emanaldiarekin, 20etan, San Ignazio elizan, biltzen dena Valentziako Elikagai Bankuarentzat. Olentzero eta Mari Domingik hartu zuten parte joan den igandean Euskal Etxearen Eguberri festan, bertako haurrekin. Eta Euskal Etxeak aste honetan oraindik azken hitzordu bat dauka: San Tomas, Arbizuko txistorrarekin.

Urrunxeago, Mexikoko Euskal Etxeak San Tomas Eguna eta Gabonak batera ospatuko ditu, abenduaren 21ean, arratsaldeko 5etatik aurrera elkartearen egoitzan, Olentzero eta EEko bazkide eta lagunen haurrak protagonista. Abenduaren 23an, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak luzatu du gonbitea bere Eguberri Festan parte hartzeko, 19:30etan harrera eginez Olentzerori. Baieztatu partaidetza 098 651 652 zenbakian. Eta Chinoko Euskal Etxeak, azkenik, abenduaren 22an, igandea egingo du berea, bazkariarekin EEan eta jostailuak bilduz Plus Tpy Drive ekimenean partaide. Baina ondoren, Eguberri Egunean bertan, abenduaren 25ean, herriko Centro Basco euskal ostatuan biltzeko deia egin dute, Eguberri Egunean elkarrekin parte hartzeko Basque Breakfast edo euskal gosaria delakoan, goizeko 10etatik aurrera.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia