euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero, Gabonetako euskal pertsonaia, Diasporako batzuentzat ezezaguna izateko arrazoiak

2015/12/15

Pipa ortzetan eta irribarretsu, opariak eramaten dizkie Olentzerok euskal umeei (Irudia: E.K.)
Pipa ortzetan eta irribarretsu, opariak eramaten dizkie Olentzerok euskal umeei (Irudia: E.K.)

PUBLIZITATEA

Gabonak hurbildu ahala, planak antolatzen hasiak dira munduko Euskal Etxeak eta, horietan gehienetan, haurrentzako programa berezi bat egon ohi da: Aita Noel, Santa Klaus edo Olentzeroren bisita. Baina, zein da Olentzero? Gabonetako euskal pertsonaiarik ezagunena, Diasporako kide batzuei ezezaguna zaie oraindik. Horren arrazoiak azaltzen saiatu da EuskalKultura.com, Estatu Batuetako bere korrespontsaliatik.

Los Angeles, AEB. Ikazkin indartsu eta jale amorratua da Olentzero. Horiek dira, batik bat, Euskal Herriko herri, bailara zein hiri askotako Olentzeroren ospakizunek konpartitzen dituzten ezaugarri bakarrenetakoak. Hortik aurrera, mitoak bide desberdinak hartzen ditu.

Horren arrazoi nagusia izan liteke Olentzeroren Gabonetako –eta aurretik, ospakizun paganoetako– presentzia orokortua, Euskal Herri luze eta zabalean, ez zela XX. mende bukaerara arte eman. Hain zuzen, Ikastolen zabalkundea hasi zen arte.

Urola Kostako Hitzak elkarrizketatuta, Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) antropologoak hauxe esango digu: “(Ikastolen Elkartekoek) argi ikusi zuten espainiartzat jotzen ziren Errege Magoen aurrean euskal pertsonaia bat izatea komeni zela”.

Olentzero asmakizun modernoa dela esan gura du horrek?

Ezta gutxiago ere. Oso asmakizun zaharra dugu Olentzero, kultura gehienetako mito gehienak lez. Eta gainontzeko kulturen moduan, euskalduna ere ahoz aho garraiatu da mendeetan zehar. Izatez, Olentzeroren inguruko testuak ez ziren 1900. urte ingurura arte idazten hasi, Resurreción María de Azkue, Joxemiel Barandiaran edota Aita Donostia bezalako ikerlari eta akademikoek egin zuten arte.

Ikaslari hauek, Olentzeroren inguruko hamaika istorio eta legenda batuta, bat egiten dute Olentzeroren zabalkundea desorekatua izan zela esatean. Bidasoaren inguruan, Gipuzkoako Beterrin eta kostaldean, eta Nafarroako mendi-aldeko herrietan ezagutzen zuten bakarrik. Bere aldetik, Rafael Eneterreaga Irigoyenek (Lesaka, 1942) dio Lesaka bera dela,Euskal Herri osoan, Olentzeroren tradiziorik zaharrena duen herria.

Edozelan ere, guztiek dute zerbait amankomunean: zonalde horiek Euskal Herriko erdigunean daude, tradizioak sendotu eta segitzeko lekurik aproposena.

Olentzero Diasporan

Euskal herrietan hain modu desberdinean mantendu izan den mitoa izanik eta, herrialde osora zabaldu zenerako XX. mende bukaeran geundela jakinda, ez da harritzekoa Diasporako hainbat lagunentzat pertsonaia ezezaguna izatea Olentzero. Horregatik, akaso, aspaldi sortutako Diasporako komunitateetan litekeena da Olentzerok isla gutxi izatea. Baina migrazioa modernoagoa edota, oraindik, bizia duten lekuetan, egun bizirik dagoen pertsonaia izatearen arrazoia horixe bera izan daiteke.

Olentzeroren inguruko legendarik ezagunena

Olentzeroena Joxemiel Barandiaranek batutako hamaika legendeetakoa ere badugu. Bere testuetan, jentilen artean gazteena zen Olentzero. Gau batez, mendian zeudela, izar oso argi bat ikusi zuten eta jentil zaharrenarengan jo zuten, esplikazio bila. Harek ez zuen duda izpirik agertu: “Kixmi jaio da, bukatu da gure garaia”, esan zuen zaharrak. “Zulo horretara bota nazazue eta, zuek atzetik bota zaitezte. Gazteena kanpoan gera dadila eta leizea arroka batekin itxi dezala”. Kixmi, euskal mitologian deabru itxura zuen tximino baten moduko pertsonaia, Jesukristo zen. Eta jentil gazteena, Olentzero. Menditik herrira jaitsi zen Olentzero eta kristautasunaren berri eman zien gizakiei.

Ordutik, Gabonetan, ikazkin baten moduan irudikatua da Olentzero –herri batzuetan, baina, arrantzale eta baserritar gisa ere agertzen da−. Batzuetan gizon jantzi eta elegantetzat aurkeztua bada ere, beste askotan tentel zapazto baten itxura ematen zaio.

Aurreko mendean zehar ezaugarri berriak hasi zitzaizkion agertzen: batzuetan bizar zuria, adibidez, edota umeek berari gutunak bidaltzearen ohitura, jaso nahi dituzten opariak eskatuz. Aldaketa hauek, jakina, inguruko beste tradizio batzuen eragina dira.

Azken urteotan Mari Domingi emakumea ere agertu ohi da berarekin. Kristautasunaren hasiera garaietako kantu herrikoi batetik hartutako pertsonaia da eta Olentzeroren emazte edo laguntzat aurkeztua izan ohi da.

Jentilak baino zaharragoa?

Juan Garmendia Larrañaga etnologo zenaren ustetan, Olentzerok, ikazkin gisa aurkeztua izan baino lehen, enbor baten itxura zeukan Euskal Herriko leku askotan. Enbor hau, Olentzero deitua, sukaldean erretzen zuten, lotara joan aurretik. Bere errautsekin gainontzeko enborrak estali eta, gainean, pala eta tenazak gurutzaturik jartzen ziren, izpiritu txarrak uxatzeko intentzioarekin.

Olentzerori kantatzeko abesti ezagunena

Kantu asko ditu Olentzerok, baina hau da Euskal Herrian zehar gehien entzuten dena:

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.

Aditu duenean
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berria ematera.

Horra! Horra!
Gure Olentzero,
pipa hortzean duela
eserita dago.
Kapoiak ere baditu,
arraultzatxoekin,
bihar meriendatzeko
botila ardoarekin.

Olentzero buru handia
entendimenduz jantzia // entendimendu gabia
bart arratsean edan omen du
bost arrobako zahagia.
Hau urde tripa handia!
Tralalalala tralalalala (bis)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia