euskal diaspora eta kultura
2010/12/20
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urteko hitzordu nagusienetako bat da Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kide eta lagunentzat. Hain da ezaguna jaia, panpina propioa ere baduela: Peio izenekoa. Peio egunotako izarra da elkartean, Olentzero agertu bitartean behintzat.
Aurtengoan, jaia bazkari batekin hasi zen. Menuan, pintxoak, hanburgesak eta ardoa. Ondoren, elkarteko kide batzuk osaturiko antzerki taldeak Olentzeroren kondairan oinarritutako bertsio pertsonal eta umoretsua eskaini zuten. Honakoak ziren pertsonaiak eta aktoreak: Txanogorritxu - Mertxe, Otsoa - Jon Karlos, Sofi erregina - Emilia, Niko S. presidentea - Karlos, Kazetaria - Maritxu, Olentzero 1 - Carlos, Olentzero 2 - Emilio, Kontalaria - Norma. "Olentzeroren kondairaren ikuspegi desberdin bat eman nahi genuen, eta hori dela eta istorioan pertsonai desberdinak sartu genituen. Horrek ukitu berezi eta parregarria eman zion, eta antzezlanak harrera oso ona izan zuen", azaltzen dute Iparraldeko Euskal Etxeko kideek. Antzezlanaz gain, jolasak, dantza, zozketak eta kantuak ere izan ziren jaian.
[Giroa Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan (argazkia IEE)]
[Jaiaren antolatzaileetako batzuk (argazkia IEE)]
[Lagun askok parte hartu zuten sokatiran (argazkia IEE)]
Gaueko beste une berezienetako bat urte berrirako gurariak eskatzeko momentua izan zen: elkarteko kideek euren gurariak paper batean idatzi eta sutara bota zituzten, datorren urtean beteko diren itsaropenarekin. Gauari bukaera emanez zurrakapote edariarekin topa eta ogi gozoa jan zuten partehartzaileek eta ondoren goizaldeko ordu txikiak arte dantzan aritu ziren.
[Urte berrirako gurariak eskatzen (argazkia IEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus