Montpellier, Frantzia. Olentzerok munduko euskal etxeetan egin dituen bisitetan, iritsi da baita ere Montpellier-ko Eskualdunak Euskal Etxeko haur eta helduen bisitatzera. Hala egin zuen abenduaren 11an egin zuten Eguberri Bestan. Ekitaldi polita izan zen, euskal kantuak, musika, dantza eta jauziak, eta opariak ere osagai izan zituen ekitaldian, bertaratutakoek jan zuten euskal oilasko ederrak ere lagundu zuelarik besta euskaldunen molde tradizionalean egiten.
Pandemiak elkarretaratzeko ohitura onak denbora batez mugatu eta ezabatu bazituen ere, gogoak zaharberriturik bildu ziren Eguberriko hitzordu honetara hurbilekoak eta baita urrutiagoxekoak ere, lagunekin bat egin eta momentu goxoak partekatzea bizitzan zaintzea merezi duen gauza garrantzitsua baita. Elkarteak, bestalde, urriaren 16an egin zuen bere 'Urteroko Pesta', Clapìers-en, horretarako lagun izan zituela Euskal Herritik etorririk Errobi Baiona Kanta taldeko kantariak, eta euskal etxe eta komunitateen zirkuituan arras ezaguna den Jean-Louis Bergara akordeoi-jotzailea, Beñat Chaubadindeguy atabalariarekin.
Eguberri besta hasi aitzin, aurkezpen hitzak, Olentzero ere azalpenei adi-adi
Otarra opariekin, Olentzero EEko gaztetxoak inguruan dituela
Mutxikoak ezin falta Euskal Etxearen elkarretaratzean
Urriaren 16an egin zuen. bestalde, Euskal Etxeak bere 'Urteroko Pesta', Clapiers-en
Musika eta kantariak Euskal Herritik ekarririk... bertako bozekin bat egiteko
Giro ederra, guztiak txuri eta gorriz beztiturik, mokanes gorria lepoan
Ikuskizun ederra, eta esku-zarta galantak, egun zoragarri bat osaturik
Besta bezperan hasi zen, Beaulieu-ko elizan, Errobi Baiona Kanta taldeak emanaldia eskaini zuen eliza jendez betea. Igandea, berriz, aperitifarekin abiatu zen eguerdi aitzin, kanpo aldean, aire zabalean, ohiko euskaldun maneran, ez baitziren falta izan musika, kantuak eta dantzak, ohiko giro biziki ederrean. Jendea loriatu zen, batzuk arizanik besteak so eginik, mutxiko eta fandangoekin, eta kantuz. Giro ona barnera eraman zen, bazkaria bitarte eta ondoan animazioa, kantak eta dantza beti lagun.