euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero blai eginda heldu zen Australiako Townsville-era; Madrilen opariak banatu zizkien umeei

2011/12/26

Olentzero (Jon Larrazabal) Idoya Arrate eta Amaya Arrate bazkideekin (argazkia TownsvilleEE)
Olentzero (Jon Larrazabal) Idoya Arrate eta Amaya Arrate bazkideekin (argazkia TownsvilleEE)

PUBLIZITATEA

North Queensland-eko Euskal Etxeak Eguberri Jai jendetsu batekin itxi zuen 2011. urtea. Ia 130 lagun bildu ziren ekitaldira, tartean Olentzero ere, elkarteko gaztetxoei opariak banatzeko prest. Baina jaiak azken orduko gonbidatu bat ere bildu zuen: euri zaparrada ederra. Australiako bazter honetan ohikoak dira erauntsiak urte sasoi honetan, eta horrek ez zuen jaia zapuztu; are gehiago, elkarteko txikiek ederki pasa zuten putzuetan plisti-plasta! Madrilen, bestalde, Euskal Etxeko txikiek ere Olentzeroren bisita jaso zuten, hona ekarri dugun bideoan ikus daitekeen bezala.

Townsville, Australia. North Queensland-eko Euskal Etxeak jai eder batekin agurtu zuen 2011 urtea. Jaia aire zabalean, elkarteko berdegunean, egitea zen asmoa, baina eguraldi txarra kari, barruan egin behar izan zuten. Hala ere, elkarteko bazkide ausart batzuk animatu ziren kanpoaldean jarri zen karpan bazkaltzera.

Elkarteak haurrentzako ur-jokoak zituen antolatuta, baina euria zela eta bertan behera gelditu ziren. Hala ere, haurrak ez ziren batere kikildu eta kanpora irten ziren jolastera, putzu eta lokatz artean plisti-plasta. Ondoren, batzuk oraindik ere bainujantzia jantzita eta goitik-behera blai eginda, Olentzeroren belaunetan eseri ziren, banan-bana opariak jasotzeko.

Townsville Olentzero 2011 (3)

[Olentzero -Jon Larrazabal- elkarteko neska-mutil batzuekin (argazkia TownsvilleEE)]

Bazkaria, catering zerbitzu baten bidez entolatu zuen oraingoak elkarteak. Pedro Mendiolea presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, "Euskal etxeko zuzendaritzak urtean zehar sukaldean lan egiten duten bolondresei eskerrak eman nahi zizkien, eta kanpoko zerbitzu bat kontratatzea erabaki genuen, eurek ere jaiaz gozatzeko aukera izan zezaten".

Townsville Olentzero 2011 (1)

[Ezkerretik eskubira Mary Longarte, Joan Aranas, Jose Longarte, Pedro Aranas eta, aurrean, Dot Gabiola, bazkariaz gozatzen (argzkia TownsvilleEE)]

Bazkalostean Mendioleak hitz batzuk egin zituen eta eskerrak eman zizkien elkarteko bazkideei urtean zehar erakutsitako babesarengatik. "Elkartea egoera ekonomiko onean da eta 2012an lagun eta bazkide guztiei gure ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin nahi diegu", esan zuen Pedro Mendioleak.

Madrilgo Euskaltegi-Txikian ere

Munduaren bestaldean, Madrilen, Olentzero Euskal Etxeko Euskaltegi-Txikiko neska-mutilekin bildu zen. Esti eta Lur andereñoek jai ederra antolatu zuten eurentzako, dantza taldeko kideekin batera. Horren guztiaren isla, elkarteak bideo hau argitaratu du bere webgunean:

-Bideoaren bigarren partea eta beste bideo batzuk, Madrilgo Euskal Etxearen webgunean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia