euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero Australian: Sydneyn parrillada batez errezibitu dute eta Townsvillen, Euskal Eguberria bertako prentsan

2020/12/28

Olentzeroren harrera Sydneyko Euskal Etxeko pilotalekuan; eskuinean, Euskal Gabonei buruzko erreportajea Townsvilleko prentsan
Olentzeroren harrera Sydneyko Euskal Etxeko pilotalekuan; eskuinean, Euskal Gabonei buruzko erreportajea Townsvilleko prentsan

PUBLIZITATEA

Sydney, Australia. Sydney aldeko euskaldunek harrera polita egin diote Olentzerori, "aurtengoan, ez hotza ez bero, 24-25 graduko tenperatura lagun", hiriko Gure Txokotik Manny Martin lehendakariordeak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez. Hamasei haur eta eurekin batera heldu taldetxo polit bat bildu ziren, eta parrillada bat ere prestatu zuten harreraldiko osagai. Ekitaldia, abenduko hirugarren asteburuan egin zen, Euskal Etxearen 2020ko azken ekitaldi ofiziala bilakatuz, berriz ere igandetako bazkari publikoak urtarrilaren 17an berreskuratu arte.

Urteari behar bezala ekiteko, boluntarioen afaria egingo du Sydneyko Gure Txokok urtarrilaren 15an, 2020an zehar Euskal Etxeko ekitaldietan laguntzaile izan dituen bolondresei eskerrak emateko, laguntzaile horien artean elkarteko bazkideak daudela, baina "baita ere bazkide izan gabe asko laguntzen digun jendea, eta bidezkoa eta oso egokitzat jotzen dugu esker oneko keinu hau behintzat antolatu eta eskaintzea", adierazi digu Martinek. Ordura arte egoitzak eta bere sukaldeak zabalik segituko du, bazkideentzat, afari partikularrak antolaturik.

Urteko balantzeaz galdetuta, Manny Martinek oroitarazi digu Gure Txoko 14 astez egon zela itxita koronabirusaren karietara, kopuru murrizpenez eraginda, eta honek kalte ekonomiko nabariak ekarri dizkiola elkarteari. "Hala ere, itxiera obrak egiteko baliatu genuen, otsailean ekaitz gogor baten ondorioz ura sartzen hasi baizitzaigun, teilatuaren zati bat galdurik eta horrek goiko aldea isolatu eta berritzeko balio izan zigun".

Pandemiak, bestalde, Euskal Herrian harrapatu zuen EEko lehendakari Izaskun de Allende. Gogora dezagun datorren Biltzar Nagusira arte honakoek osatzen dutela Sydneyko Gure Txokoko Zuzendaritza Batzordea:

-Lehendakari, Izaskun de Allende
-Lehendakariorde, Manu Martin
-Diruzain, Jose Goikoetxea
-Diruzainorde, Jon Urrejola
-Idazkari, Beñat Oliveira
-Idazkariorde, Estefania Martino
-Batzordekide, Jagoba LandaOianne Agirre eta Irune Pañagarikano;
-Egoitzako arduradun, Alvaro Echeverria eta Jessica

Townsvilleko euskaldunen Eguberria prentsan

Iparralderago, Townsvillen egoitza duen North Queenland Basque Club euskal etxeko lagunek ere ilusio handiz errezibitu dute Eguberria eta Olentzero, hemen ere Euskal Herrikoaren oso bestelakoak diren tenperatura altuak lagun. Bertako Burdekin Local News astekariak, gainera, erreportaje eder batez islatu zuen abenduaren 10eko alean bertako euskaldunek nola ospatzen dituzten eguberriak.

"Gabon Zorionak, a Basque Christmas" izenburupean, Hayden Menso kazetariak Euskal Herria non dagoen zehatz kokatu eta Burdekin eskualdean aspaldi errotuta dauden Bengoa eta Arrate bezalako familien ildotik euskaldunek Gabonak zelan pasatzen dituzten, Olentzero eta ospatzeko eta jateko euskal ohiturak jaso zituen, kroketak (sic) egiteko errezeta ere bilduz, Rose Mary Bengoa solaskide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia