Salt Lake City, AEB. Ezin dugu Olentzero eta Mari Domingik munduko euskal etxe eta komunitateetako bakoitzean izan dituzten ibileren berri eman, baina bisita horietako batzuetan ateratako bideoen selekzio bat emateko moduan segitzen dugu. Australia, Estatu Batuak, Mexiko, Frantzia, Kanada eta Argentinatik bederen iritsi zaizkigu irudiak. Gaurkoan Estatu Batuen txanda da, eta bisitak, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile Salt Lake Cityko euskal familiei etxerik etxe eginikoa, Mari Domingi lagun; eta Boiseko Ikastolarakoa.
Utah-ko Salt Lake Cityn, Olentzero eta Mari Domingik autoz egin zieten bisita euskal komunitateko haur eta familiei, kantua, dantza eta umore ona lagun. Bideoak, Dom eta Christina Echeverriaren, eta euren seme-alaba, Elaia eta Xantiren etxera egindako bisita erakusten du. Gogoan hartu bideoan agertzen diren guztiak Estatu Batuetan jaiotakoak direla eta baita euren gurasoak eta aiton-amonak ere kasu gehienetan. Salt Lake City:
Olentzero eta Mari Domingi Dom, Christina, Elaia eta Xanti Echeverriaren etxean Zazpi Jauzi dantzatzen
Baina Boisen, bertako Ikastolako haurrei ere egin die bisita Olentzerok, oraingoan Mari Domingi atsedena hartzen hotelean geratuta. Hemen ere, ilusioa, kantuak eta eguberri giroa nagusi, aurreko bideoan bezala musukoak sudur-ahoan. Boiseko Ikastola:
Olentzeroren bisita, Boiseko Ikastolan egiten dioten harrera eta Eguberri kantak