Olavarria, Argentina. Olavarria hiriko intendente (alkate) den Maximiliano Wesner-ek bertako Gizataldeen Batasuneko buruzagiak errezibitu ditu udaleko bere bulegoan, ordezkaritzako buru elkarte bisitariko presidente Fernando Bugosen; presidenteorde María Susana Mendizabal, ber denboran hiriko 'Gure Etxe Maitea' Euskal Etxeko lehendakari eta nazio mailako FEVA euskal federazioko zuzendaritzakide dena; eta idazkari Alicia de Oliveira Santos. Partaide baita ere hiriko Komunitatearekiko Harremanetarako udal zuzendari Mariano Caputo.
Gizataldeen Batasunak Olavarrian aktibo diren hainbat gizatalde biltzen ditu, horien artean gizatalde libanotarra, euskalduna, portugaldarra, boliviarra, espainiarra, venezuelatarra eta frantsesa, Udalak berak ohar batean azaldu duenez. Bileraren helburua, Gizataldeek 2024 urterako dauzkaten proposamen eta proiektuak ezagutzea eta informazioa trukatzea, izan ere komunean landu daitezkeen planak mahaigaineratu eta adosteko.
Olavarría, euskal jatorriko leku-izena
Gogora dezagun Olavarria hiria Buenos Aires probintziaren barrualdean kokatzen dela nazioko hiriburutik 354 kilometrora errepidez, pampa hezean, 1867an Álvaro Barros koronelak fundatua, izena jatorri euskaldunekoa zen —aita Muruetan, Bizkaiko Orozkon jaiotakoa zuen— José Valentín de Olavarría (Salto, 1801 - Montevideo, 1845) koronela ohoratzeko ipinia.